Hizkuntza eskubideen aldeko preminazko neurriak aurkeztu ditue

Bizkaie! 2020-06-23 12:47   Euskerea berbagai

Kontseiluak Geroa Euskeratik adierazpena landu dau hainbat eragilegaz.

Donostian aurkeztu dabe adierazpena (argazkia: Kontseilua) | Ikusi handiago | Argazki originala

Covid-19aren pandemiak eragingo dituan ondorioak neurtzeko goizegi da, baina hizkuntza eskubideen alorrean gero eta agirikoagoa da euskal hiztunen kalterako izango dala pandemia, Kontseiluak azkenaldion salatu dauenez. Gizarteko makalenak baztertu dituan krisia da hau, azken baten. Hori dala eta, Geroa Euskeratik adierazpena landu dau erakunde horrek, euskeraz lan egiten daben beste alkarte batzukaz lankidetzan, eta gizarteari aurkeztu deutse, Donostian egindako ekitaldian.

Euskal hiztun komunidadearen eskubideak zapalduak izan dira krisialdian, berehalakotasunaren eta lehentasunaren izenean, Kontseiluak ohartarazo dauenez, erakundeen babesik ez dala egon ganeratzeaz bat. Egoera horrek, baina, bestelako bideetan sakontzeko modua emongo dau, gizarte kohesionadu eta bardinzaleagoa helburu.

Azken asteotan batzarrak egin ditu Kontseiluak beste eragile batzukaz: Elkar, Elhuyar, Bertsozale Alkartea, Ikastolak, Sortzen... Birusaren krisiak eragindako kalteak identifikau eta horreei aurre egiteko urgentziazko neurriak adostu ditue. Geroa Euskeratik dokumentuan batuta bialdu deutsez erakunde publikoei.

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok zehaztu dauenez, preminazko neurriak dira epe motzean aplikau beharrekoak diralako. Halandabe, luzera begirako asmoak be baditue, unean uneko eskakizun ekonomikoetatik harago doazanak, bide barriak urratzen hasteko erabagi eraikitzaile eta egingarriak oinarri.

Adierazpenean jasota dagozan proposamenen artean dago, esate baterako, ikasle guztiei euskeraz jakitea bermatuko deutsen eredu baten beharra, eta hizkuntza erispideak oinarri dituan aisialdiko eskaintzea be bai. Helduen euskalduntzeari jagokonez, dobakotasuna aldarrikatu dabe sinatzaileek. Euskerazko sortzaileen errekonozimendua ekarriko dauen araudia da beste eskakizun bat.

Gehienbat erakunde publikoei zuzendutako proposamenak dira, krisiak sortu dituan kalteei aurre egiteko, hizkuntza politikak barriro pentsetako eta etorkizun hobea eregiteko. Hurrengo ehun egunak garrantzitsuak izango dira gobernuen aldetik egoera horri erantzun ahal izateko, dino Bilbaok.

Adostasun zabal eta barriak lortzeko deia gizarte eragileei be egin deutse. Epe eta garai estuak jatorkuz, baina, horregaitik be, geroa euskeratik eregiteko, aldaketak egiteko baliatu behar dogu egoera hau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu