Basque Culinary Center-ek 'Gastronomy Shapers' aurkeztu dau

Bizkaie! 2020-06-23 12:31   Jan edanak

Online prestakuntza proposamen barritzailea da.

Basque Culinary Center-ek nazinoartean dauen erakunde aitzindariaren rola indartu dau, Gastronomy Shapers online prestakuntza-ekimena aurkeztuta. Egitasmo horretan, nazinoarteko gastronomiako diziplina askotako 100 adituk baino gehiagok parte hartuko dabe eta urtebetez gastronomiaren oraingo eta etorkizuneko errealidadea osotzen daben gaiak landuko ditue.

Programa aitzindaria da, Fakultadeko eredu akademikoa, praktikan eta esperientzian oinarritutako metodologia dauena eta punta-puntako 100 profesional gastronomiko baino gehiagoren ikuspegiak eta gogoetak buztartuko ditu.

Berbaldietan, gastronomiaren egungo errealidade zabala jasoten daben gaiak landuko dira; suetearen arloan, besteak beste: sorkuntzea, iraunkortasuna, zero waste, produktuari balioa emotea, teknikak, kultur nortasuna daben sukaldaritzen garapena, sukaldaritza-arloko ikerketea eta barrikuntzea... Gainera, honako honeenn inguruko ikastaro eta berbaldiak eskainiko dira: gozogintzea, zerbitzua eta aretoa, koktelgintzea, enpresa kudeaketea, zientzia eta sukaldaritzea, elikadura barrikuntzea eta kulturea eta gizartea.

Nazinoartean entzutetsuak diran chef eta adituak be etorriko dira, besteak beste, Ferran Adriá, Joan Roca, Carlo Petrini, Andoni Luis Aduriz, Alice Waters, Gastón Acurio, Dominique Crenn, Dan Barber, Mauro Colagreco, Quique Dacosta, Leonor Espinosa, Eneko Atxa, Douglas McMaster, Pablo Rivero, Kyle-Katina Connaughton, Matt Orlando, Rodolfo Guzman , Narda Lepes, Virgilio Martínez, Manu Buffara, Antonio Bachour, Lars Williams, Janice Wong, Pitu Roca, Lynda Deakin (IDEO), Ruth Rachel (Kazetari gastronomikoa), Ignacio Morgado (Katedraduna, neurozientzian aditua), Pia Sorensen (Harvard University), Cesar Vega (Gastronomica Quantum), Hiroaki Kitano (Sony Computer Science) eta Daniel Innerarity (Filosofoa).

Modulu bakotxeko lanari hasierea emoteko, ikasleek gai bakotxa atonduko dabe; eduki multimediaren bidez, ondo jaubetuko dira adituaren ikuspegiaz eta ibilbideaz. Horren ostean, topaketa bat egingo da aditu bakotxagaz, hausnarketak konpartidu eta dudak argitzeko saio bat.

Berbaldi guztiak Zoom Academyren bidez egingo dira eta ikasleak Fakultadeko elearning plataformearen bidez sartuko dira eduki espezifikoetara. Graduko eta hainbat ikastaro eta masterretako ikasle guztiek, baita ikasle ohiek be izango dabe gune horretara sartzeko aukerea eta euren prestakuntzea aberastuko dabe eduki esklusiboak eskuratzeari esker. Zuzeneko saioen ondoren, berbaldiak Basque Culinary Center-en webgunean argitaratuko dira modu edegian.

Azken urteotan, gastronomiak dimensino globala hartu dau eta jazoera barritzailea bihurtu da; aurten, barriz, koronabirusak eragindako pandemiak asko kaltetu dau sektorea eta egoera horren aurrean, Basque Culinary Center-ek erabagi dau ez gelditzea eta lanean jarraitzea urtenbide eta bide barriak bilatzeko, gastronomia arloko prestakuntzeagaz eta ikerketeagaz aurrera egiteko, bai eta apurtutako sektore eta komunidadea egokitu, berrasmau eta ikasleen prestakuntza-eskaintzea aberasteko be.

Basque Culinary Center-en ustez, hausnartzeko sasoia da, malguak izateko, sortzaileak izateko, teknologiaz ikasi dabena egokitzeko, barritzeko eta ekiteko boladea eta horixe erabili nahi dau euren ikasleei eta sektoreko profesionalei onena emoteko; horregitik, Basque Culinary Center-ek proiektu barri hau bultzatu nahi izan dau, esperientzia horretan oinarrituta, gastronomiari eta etorkizuneko belaunaldien prestakuntzeari laguntzen jarraitzeko.


Oharrak:

1) Aurrez aurreko erakaskuntzea aldi baterako eteteko agintariek martian hartutako erabagia ikusita, Gastronomia Zientzien Fakultadeak erabat online egin eban aurrera bere jarduereagaz eta ikaskuntza-planagaz. Azken helburua izan zan, batetik, ikasturtea arriskuan ez jartea eta, bestetik, ikasturte bakotxerako aurreikusitako gaitasunak ikasi eta eskuratzeko ezinbestekoak diran prestakuntza-prozesuak jorratzea. Horretarako, programa guztiak egokitu eta aldatu egin behar izan zituan.

2) Alarma-egoeran, mundu-mailan aitzindaria dan erakunde akademikoak ekintza-plan bat jarri eban abian informazinoa, edukiak, tresnak, espazioak eta gidak sortzeko, sukaldaritza-sektoreko profesionalei laguntzeko; horreen artean, nabarmentzekoak dira RetoCoronavirus espazioa edo Jatetxeetako zerbitzuentzako segurtasunerako eta prebentzinorako COVID-19 Protokolo Berezia argitaratzea.

3) Urte honeetan Basque Culinary Center-en jarduerea diziplinartekoa izan da eta gastronomiaren 360º-ko ulermenean oinarritu da. Gastronomia Zientzien Fakultadeak honako honeek eskaintzen ditu: Gastronomia eta Sukaldaritza Arteak Gradua, gastronomiako hainbat lanbidetan espezializetako 8 master eta zenbait ikastaro profesionalentzat. Gaur egun, horreek guztiak egokituta dagoz aurrez aurreko nahiz online prestakuntzarako. Hezkuntza-ereduak buztartu egiten ditu diziplinarteko prestakuntzea eta learning by doing metodologia eta profesional onenakandik ikasteko aukerea emoten dau, norberaren lanketan oinarritutako ikaskuntzearen bidez. Horrek, gainera, aukerea emoten dau masterclassetara eta lehen mailako adituek zuzendutako saioetara joateko. Jarduera hori gero eta dimensino handiagoa hartzen dago.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu