Euskerazko udako jarduerak Barakaldoko gazteentzat

Bizkaie! 2020-06-23 11:32   Euskerea berbagai

Izena emoteko epea gaur zabaldu dabe.

Barakaldoko gazteek udea euskeraz pasau deien, jarduera ugari antolatu ditu Udaleko Euskera Sailak, Giltzarri aisialdi-plataformearen bidez. Bagilaren 29tik garagarrilaren 10era, ikastaroak eta topaketak egingo ditue, doban. Izena emoteko epea gaur, hilak 23, zabaldu dabe, eta antolatzaileek bizkor ibilteko eskatu deutse interesdunei, plaza guztiak bete baino lehen.

12 eta 18 urte bitarteko neska-mutilentzako aproposak dira Giltzarrik dakarzan jarduerak: Dance-week, Group training week eta Urban+art week ibilbideak dagoz aukeran, eta ibilbide bakotxaren barruan hainbat trebetasun landuko ditue (perkusinoa, jantzak, yoga, musikea, bideoa...). Diseinautako ibilbideen izenak ingelesez diran arren, euskeraz landuko ditue eduki guztiak.

Talde txikietan banatuko ditue izena emondakoak, osasun arloko neurriak beteteko. Jarduerak astegunetan eta goizez izango dira, 11:00etatik 13:00etara. Amaieran, ibilbide bakotxeko partaideek txangoa egingo dabe Barakaldoko landa eremura, Errekatxo eta Gorostiza auzoetan.

Hilaren 25era arte dago apuntetako astia. Gazte bakotxak hiru ibilbide aukeratu ahal izango ditu, lehentasunaren arabera ordenauta, eta hori kontuan hartuko dabe antolatzaileek plazak banatzeko orduan. Gaztebulegoan (09:00-14:00) edo giltzarri@barakaldo.eus helbide elektronikoaren bidez emon leiteke izena.

Egitarau osoa beheko koadroan:

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu