Sexu identidadea bat ez datorrenean espero danagaz
2020-06-23 10:30 KultureaAparteko garrantzia dau transizinoak adinbako transexualen garapen psikosozialean.
Transexualidadea da persona batek bere sexua sentiduteko modua, hau da, bere sexu identidadeaz dauen pertzepzinoa, bat ez etortea jaiotzean bere genitalen arabera esleitu jakon sexuagaz. Alabaina, transexualidadearen definizino horren atzean hainbat errealidade dagoz. Adituek dinoenez, urte bi dituanetik umea kapaz izan daiteke zein sexugaz identifiketan dan adierazoteko hizkuntzearen bidez eta bere burua neska edo mutiko lez autortzeko. Neska, mutiko eta gazte transexualen kasuan, adierazoten dabena entzuten badogu, transizino prozesu bat hasi leikie, beren sexuaren arabera bizi daitezan. Halan da be, haren sexu identidadea ez bada onartzen eta horretan ez bajako laguntzen, identidadearen garapenean kalte larriak izan leikez eta jazarpen, indarkeria, diskriminazino eta bazterkeria egoerak be antzemon leikez, baita gizarteko eta eskolako estigmea be.
EHUko ikerlari talde batek azterketa global baten lehen zatiaren datuak ezagutarazo ditu. Azterketa horren helburua da transizinoa egin daben adinbakoen errealidadea deskribidutea, transizinoaren aurreko eta ondorengo egoerak aztertuta, familia eta gizarte laguntzearen, egoera sozioemozionalaren, identidadearen eta gorputzearen ikuspegietatik, azken batean, transizino horri aurre egiteko erak diseinau eta transizinoak garapen psikosozialean dauen eragina ikertzeko.
Ikerlanaren lehen zatian, ikertzaileek 335 parte-hartzaileren laguntzea izan dabe: 57 nerabe, batez beste 14 urtekoak, 20 neska eta 37 mutil; 229 guraso (% 71, amak), 3 eta 18 urte arteko seme-alabak dituenak, eta 49 eskola tutore (emakumeak % 80).
Ikerlanean egiaztatu dabe amak babes handiagoa eskaintzen dauela transizinoaren aurretik eta ondoren eta aitak, babes txikiagoa. Aitak, gainera, semearen edo alabearen identidadea modu esplizituan ukatu egiten dau. Halan da be, datuen arabera, transizinoa amaituta, familiaren babes handiagoa antzemoten dabe eta ez dagoz hain haserre aitagaz. Aldi berean, lagunen aldetik babes handiagoa sentiduten dabe eta burla gitxiago egiten deutse. Eskolan be babes handiagoa sentiduten dabe kideen aldetik eta eskola jazarpena gitxitu egiten da; gainera, irakasleek erantzun sendoagoa emoten dabe holako egoeretan.
Bestalde, transizinoa amaituta, adinbakoak ez dira hain lur jota sentiduten eta beren buruaz seguruago dagoz, batez be, neskak. Ikerlanean nabarmendu dabe behin transizinoa osotuta behera egiten dauela beren burua lesionau edo beren buruaz beste egiten ahalegintzen diran adinbakoen kopuruak, baita depresinoaren sintomek be, berbarako ansiedadeak eta uzkurtasunak. UPV/EHUko ikertzaileen eretxiz, horrek guztiak bistan ixten dau transizino prozesua amaitzeak zelako garrantzia dauen; seguruago dagoz eta autoestimu handiagoa dabe. Horrezaz gan, gehiago askatzen dira sentiduten daben sexuari jagokozan jarduerak egiteko, eta gizartean euren sexuari esleitzen jakon erropea erabilteko jokera handiagoa dabe. Bestalde, transizinoa eginda, gurasoek ardura eta bildur gitxiago dabe seme-alaben etorkizunari buruz eta hareek adierazotako identidadeagaz ikusten ditue eta ez jaiotzean emon jakenagaz.
Ondoko ikertzaileak dabiz beharrean: Aitor Martxueta, Estibaliz Cepa, Juanito Etxeberria, Aingeru Mayor eta José Joaquín Pizarro, danak Euskal Herriko Unibersidadeko ikertzaileak. Ikerlanean lagundu daben alkarteak: Naizen (lehen, Chrysallis Euskal Herria), Chrysallis, Daniela Fundazinoa, Arelas, Transhuellas eta TTCórdoba
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!