Viggo Mortenseni emongo deutse Donostia Saria

Bizkaie! 2020-06-22 12:42   Zinemea

Falling, zuzendu dauen lehenengo filma, aurkeztuko dau Zinemaldian.

Donostiako Zinemaldiak ohorezko sarituetako baten barri emon dau, 68. edizinoa hasteko hiru hileren faltan. Viggo Mortensen aktore amerikarrari emongo deutse Donostia Sarietako bat, zinemagintzan egin dauen lan oparoa autortzeko. Bide batez, zuzendari lez Mortensenek egindako lehenengo ahaleginaren lekuko izango da Zinemaldia, bertan egingo dauelako Falling-en Europako estreinaldia.

Lance Henriksen eta Mortensen bera dira film barriko protagonistak. Familia barruko drama sakon horretan, aita-semeak dira Henriksen eta Mortensen, baina bakotxak modu baten ikusten dau mundua, eta errealidade bien arteko eten bako talkan bizi dira. Sundance jaialdian estreinau eben Falling, eta kritika bikainak batu.

New Yorken jaio zan Viggo Mortensen, 1957an, ama estadubatuarra eta aita danimarkarra eukazan familian. Argentinan bizi izan zanez luzaro, gaztelaniaz be ondo daki. 35 urteko ibilbidean, 50 film ingurutan izan da aktore. 1985ean egin eban debuta, Harrison Forden alboan, Lekuko bakarra pelikulan (Peter Wier).

Zabalkunde handiko filmak eta proiektu independenteak tartekatu ditu Mortensenek urteotan, zuzendari ezagunen aginduetara sarri, Ameriketan zein Europan. Carlito's Way (Briande Palma, 1993), The Portrait of a Lady (Jane Campion, 1996), G.I. Jane (Ridley Scott, 1997), Psycho (Gus van Sant, 1998), Eraztunen jauna trilogia (Peter Jackson), Alatriste (Agustín Díaz Yanes, 2006), A Dangerous Method (David Cronenberg, 2011) eta Green Book (Peter Farrelly, 2018) dagoz bere filmografian.

Hiru aldiz izentau dabe Oscar Sarietarako, aktore onenaren kategorian. BAFTAn eta Urrezko Globoetan be hainbat izendapen ditu, eta Aktoreen Batasunaren saria irabazi eban Eraztunen jauna: Dorre biak filmean egindako lanagaitik. 

Sen artistiko sakoneko gizona da Viggo Mortensen, landu dituan genero guztiak kontuan hartuta: aktore ez eze, filmak idazten eta produziduten ibilitakoa da, eta orain zuzendaritzeari ekin deutso; pinturan, musikan, literaturan eta argazkigintzan be sartu-urtenak egin ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu