Mende bat Xalbador jaio zala

Bizkaie! 2020-06-19 09:36   Bertsolaritzea

Urepeleko bertsolariaren kantaera sentikorra zaleen bihotzetara heldu zan.

Xalbador kantuan, 1960an; jesarrita, Joxe Joakin Mitxelena eta Mattin (argazkia: Juan San Martin/Wikipedia CC-BY-SA) | Ikusi handiago | Argazki originala

1920ko bagilaren 19an, gaur ehun urte, jaio zan Fernando Aire, Xalbador, XX. mendeko bertsolaririk maitatuenetako bat, idazlea eta artzaina be izan zana. Urepelen jaio eta hango bizimodura lotuta egon zan, baserriko giroan pozik, baina Euskal Herri guztian plazarik plaza ibilteko aukerea be ez eban galdu, ia beti Mattin kantulagunagaz batera.

Sentikortasun handiko bertsoak boteteagaitik egin zan ezagun, malenkoniaz eta sakontasunez beteak. Serioa zan kantaeraz, eta gaitasun poetiko ikaragarria eukan. Horregaitik, zaleek gogoko eben. Halandabe, publikoaren gaitzespena jaso eban eguna da Xalbadorren ibilbideko ezagunena, 1967ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala hain zuzen.

Horren aurretik, 1940ko hamarkadan hasita, hainbat txapelketatan eta jente aurreko jaialditan parte hartuta egoan. Eten luze baten ostean 1960an antolatutako Euskal Herriko Txapelketan kantau eban, eta finalera heldu: Hirugarren lekuan amaitu eban. 1962an eta 1965ean atzera izan zan hirugarren.

1967koan barriro heldu zan finalera, eta buruz burukora pasetako aukeratu eben epaileek. Orduan, entzule asko txistuka hasi jakozan Xalbadorri. Han egon ziran lekuko batzuen arabera, publikoaren gogokoa Lazkao Txiki zan, eta buruz burukora pasau ez zala jakitean, Xalbadorren kontra egitera jo eben. Txistuei bertso honegaz erantzun eutsen Urepelekoak:

Anai-arrebok, ez, otoi, pentsa
neu're gustora nagonik,
poz gehiago izango nuen
albotik beha egonik.
Zuek ezpazerate kontentu
errua ez daukat ez nik,
txistuak jo dituzute bainan
maite zaituztet oraindik.

Bertso hori be eten egin eban jentearen zalaparteak. Azkenerako, baina, txistuak txalo bihurtu zituan Xalbadorrek. Uztapidegaz jokatutako buruz burukoan, halandabe, zestoarra izan zan txapeldun, eta Xalbadorrek bigarren lekuagaz konformau behar izan eban. Beste Txapelketa Nagusirik ez eban jokatu, hurrengoa 1980an antolatu ebenerako hilda egoalako.

1976ko zemendiaren 7an, Urepele jaioterrian omenaldia egin eutsen Xalbadorri. Oholtzan egoala, ondoezik sentidu, eta egun haretan bertan hil zan, herrikide eta zaleen gorazarrea jaso eban egunean. 56 urte zituan.

Hil zanetik ia 44 urte pasau badira be, bertsozaleek ez dabe Xalbador ahaztu. Gaur egungo zaleek haren bertsoak ezagutu leikiez, hiru bilduma argitaratu zitualako: Ezin bertzean (1967), Odolaren mintzoa (1976) eta Herria gogoan (hil ondoren argitaratu eutsien).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu