Umeen jardueretan euskerea erabilteko baldintzea ezabatu dau Auzitegi Gorenak

Bizkaie! 2020-06-19 08:40   Euskerea berbagai

Lasarte-Oriako Udalak diru-laguntzinoak emoteko dauen ordenantzea balio barik itxi dau.

Lasarte-Oriako Euskerearen Maratoiaren bultzatzaileak, artxiboko argazkian (Lasarte-Oriako Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Herritarren arteko bardintasunaren kontrakoa eta diskriminatzailea da, Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiaren arabera, Lasarte-Oriako Udalak 2017an onartutako ordenantzea. Arau horretan jasoten danez, 16 urtetik beherakoentzako jarduerak antolatzen dituenei diru-laguntzinoak emoteko, horreek jarduerak euskeraz izan behar dira. Hizkuntza koofizialen erabilerearen printzipioen kontra doala dino Auzitegi Goreneko Administrazino Auzien Salako 4. Atalak.

Lasarte-Oriako alkatetzan PSE-EE egoala onartu zan ordenantzea, 2017an. Orduko Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari Javier de Andresek kontrako helegitea jarri eban, baina Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak baztertu egin eban kexea, eta Udalaren erabagiari oneretxia emon. Orduan, Espainiako Abogaduak Auzitegi Gorenera eroan eban kasua.

Euskeraz ez dakiena jarduera jakin batzuen hartzaile ezin da izan Lasarte-Oriako ordenantzea bete ezkero, Auzitegi Gorenak epaian azaldu dauenez. Hizkuntza koofizialen arteko tratuan bardintasuna agintzen dauen Espainiako Konstituzinoaren 3. artikulua urratzea leporatzen deutso ordenantzeari. Euskerea jakiteko betebeharra ezartearen parekoa dala dino.

Auzitegi Goreneko 4. Ataleko epaile guztiak ez dira bat etorri erabagiagaz. Pablo Lucas Murillo de la Cueva eta Pilar Teso Gamella Lasarte-Oriako Udalaren ordenantzea baimentzearen alde agertu dira, boto partikularrean. Euren esanetan, ordenantzeak ez dau ordenamendu juridikoa urratzen, eta, ganera, euskerea bultzatzeak ez dakar gaztelaniari kalte egitea, Lasarte-Orian hizkuntza honen erabilerea eta indarra guztiz ziurtatuta dagozalako.

Euskerearen inguruko eragile ugarik be kritikea egin deutse Auzitegi Gorenaren erabagiari. Kontseiluak, esate baterako, oso larritzat jo dau. Estaduaren beste eskuhartze baten aurrean gagoz. Beste behin erakutsi nahi dabe hizkuntza-politikearen inguruko neurrietan zeinek dauen azken erabagia, adierazo dau Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok.

Kontseiluak defendidu egin dau Lasarte-Uriako Udalak erespide hori jartea diru-laguntzinoen eskabidean, hizkuntza gitxituen aldeko neurriak ezin diralako diskriminatzailetzat jo, Europako Hizkuntzen Gutunak jasota daukanez. Bilbaok zera ganeratu dau: Jarduerok 16 urte baino gitxiagokoentzat dira, eta legearen arabera derrigorrezko hezkuntzea amaitzen daben gazteek gaitasun egokia beharko leukie hizkuntza ofizialetan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu