Etorkizuneko gizartea eta euskerea aztergai
2020-06-18 10:44 Euskerea berbagaiGaragarrilaren 21ean mintegia egingo dabe Bilbon.
Sabino Arana Fundazinoak eta Euskaltzaindiak gogoetarako eta esperientziak konpartiduteko mintegia antolatu dabe, Etorkizuneko euskal gizartea: euskerea erabilteko eremu barriak izenburupean. Garagarrilaren 21ean, martitzena, izango da (08:45-13:45), fundazinoak Bilbon daukan egoitzan.
Etorkizuneko euskal gizartea zelakoa izango dan zehaztea eta gizarte barri horretan euskerea erabilteko eremuak identifiketea da jardunaldiaren helburu nagusia, hizkuntzearen bizibarritzeko prozesuan kontuan hartu daitezan. Antolatzaileek azaldu dabenez, sensibilidade eta ikuspegi ugaritako konbidaduek hartuko dabe parte, mintegia alkarlanerako foro bihurtuz.
Andres Urrutia euskaltzainburua eta Mireia Zarate Sabino Arana Fundazinoko presidentea egongo dira mintegian. Euren berbaldien ondoren, ikuspegi ugaritatik aztertuko dabe gaia hainbat adituk. Iñaki Iurrebaso, Gorka Espiau, Belen Uranga, Xabier Barandiaran, Arantza del Pozo... dira hizlarietako batzuk. Euskerearen egoera soziala, etorkizuneko perspektibak, teknologia barriak, jokera globalak eta beste jorratuko ditue.
Egitarau zehatza hemen.
Izena emoteko, idazkaritza@sabinoarana.eus helbidera idatzi behar da, edo 94 405 64 50 telefono zenbakira deitu.
Gudariei omenaldia
Sabino Arana Fundazinoak beste hitzordu baten barri emon dau, bagilaren 19an, barikuan, Gerra Zibileko gudari, miliziano eta emakumeei egingo deutsen omenaldia, hain zuzen. 13:00etan izango da ekitaldia, Bilboko Artxanda mendiko Aterpe 1936 oroigarriaren alboan.
Honeek dira, Sabino Aranagaz batera, omenaldia antolatu dabenak: Eusko Lurra, Ramón Rubial Fundazinoa, Manu Robles-Arangiz Institutua, Anselmo Lorenzo Ikerketa Marxisten Fundazinoa, ELA-STV, UGT eta CNT sindikatuak eta EAJ, PSE-PSOE, EAE-ANV eta EPK alderdi politikoak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!