IVAPek itzultzaile automatiko neuronal juridiko administratibo barria argitaratu dau
2020-06-17 13:37 Euskerea berbagaiTresna barria lagungarria izango da langile publikoentzako.
2019aren amaieran, Eusko Jaurlaritzeak Itzuli itzultzaile automatiko neuronala sustatu eban eta onarpen handia izan dau administrazinoko langileen eta herritarren artean. Orain, IVAP Herri Arduralaritzearen Euskal Erakundeak itzultzaile automatiko horren bersino bat sortu dau, hizkuntza juridiko-administratiboan espezializatuagoa. Horretarako, tresnak eukan oinarrizko informazinoaz gan, IVAPen Itzultzaile Zerbitzu Ofizialean azken 20 urteotan itzulitako hamar miloe segmentu inguru gehitu ziran.
Itzultzaile barriak probaldia izan dau langile itzultzaileen artean eta, orain, administrazino maila guztietan eta hainbat erakundetan (udalak, aldundiak, gobernua, legebiltzarra...) testuak produziduten laguntzeko jarri da martxan. IVAPek espero dau tresna barri horrek euskerearen erabileran eta normalizazinoan laguntzea eta langile publikoek testuak hizkuntza ofizial bietan sortzeko ohiturea hartzea: 'Argi dago hasierako oinarri sendoa izanda, hizkuntza biak aldi berean erabiltea errazagoa dala”.
Itzultzaile automatiko neuronal juridiko-administratiboa laguntza-tresna bat da, osogarri bat eguneko lanean eta haren emoitzak beti barrikusi behar ditu hizkuntza-gaitasun nahikoa dauen persona batek; tresna barri hau ez da gizakiaren ordezko izango. Holan, IVAP ez da izango tresna horren bidez sortutako testu desegokien edo akastunen ondorioz egon daitekezan ondorio juridikoen arduradun. Itzultzaile automatiko neuronal juridiko-administratiboaren pantailan, hori gogorarazoteko oharra agiri da: Laguntza-tresna bat da eta haren emoitzak beti berrikusi eta zuzendu behar ditu euskeraz eta gaztelaniaz hizkuntza-gaitasun nahikoa dauen persona batek.
Gainera, itzultzaile automatiko neuronal juridiko-administratiboaren aplikazinoan, esteka bat dago eta, bertan, jarraibide zehatzagoak dagoz, adibide zehatzen irudiakaz. IVAP adibide horreek osotzen eta zehazten joango da. Herri Arduralaritzearen Euskal Erakundeak tresna barriari eutsi eta eten barik hobetzeko ardurea be izango dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!