'Erabilerearen aldeko sarea' izango da Euskaraldia

Bizkaie! 2020-06-16 13:49   Euskerea berbagai

Era guztietako entidadeak ariguneak sortzen dabiz dagoeneko.

Donostian egindako aurkezpena (argazkia: Euskaraldia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Irailaren 27ra arte, enpresa, erakunde eta alkarteek ariguneak sortu eta Euskaraldian izena emon leikie, eta dagoeneko horreetako ehundazak batu dira ekimenera. Horixe azaldu dabe Euskaraldiaren bultzatzaileek, Topaguneak eta parte hartuko daben entidade batzuetako ordezkariek egindako agerraldian, Donostian. Bigarren Euskaraldia zemendiaren 20an hasiko da, eta prestakuntzak ondo doazala dirudi.

Ariguneak izango dira aurtengo edizinoko nobedade nagusiak, hau da, euskeraz berba egiteko eremuak, ahobizi zein belarriprest diran herritarrak lasaitasunez batu, eta euskerearen erabilerarako gune sendoak egon daitezan. Euskaraldiko arduradunek azaldu dabenez, era guztietako enpresa, alkarte eta erakundeak dabiz euren ariguneak sortzen, sektore, lurralde eta tamainu guztietakoak: Denda eta alkarte txikietatik hasi eta Euskal Herrian erreferente diran fabrika handietaraino.

Entidadeek ariguneei esker egingo daben aurrerapausua, batez be, kualitatiboa izango dala azpimarratu dau Kike Amonarriz Topaguneko lehendakariak: Euskeraz gehiago egin nahi dabenei horretarako aukerea emongo deutselako, eskoletan egiten dan lanari babesa emon eta aisialdian zein lan-munduan euskeraz berba egiteko aukerea emoten dauelako. Euskerearen bizibarritzerako hauspoa izango dira ariguneak.

Covid-19aren krisiak eragindako egoeran sareak sortu eta alkar babesteko beharra areagotu egin dala uste dau Amonarrizek, eta Euskaraldia, hain zuzen be, horri erantzuteko tresna aproposa dala: Euskerearen inguruan eratutako sare honek hurrekotasuna eta babes soziala eskainiko ditu. Euskerearen erabilerearen aldeko sare handi bat osotuz, Euskaraldiak euskal gizarteari ekarpen handia egingo deutsala dino.

Eusko Jaurlaritzako Euskerea Sustatzeko Zuzendari Estibaliz Alkortak adierazo dau ariguneak geratzeko etorri dirala. Bide luzea dago egiteko danon hizkuntza eskubideak errespetau eta gizarte bardinzaleagoa lortzeko, esan dau Alkortak, eta, beraz, Euskaraldiaren ekarpena ezinbestekotzat jo dau.

Arrazoi eta motibazino ugarigaitik batzen dira entidadeak Euskaraldira, Donostiako agerraldian egon diranek azaldu dabenez. Batzuek lehendik daukiez euskerea bultzatzeko planak, eta bide horretan sakondu gura dabe; beste kasu batzuetan, euskerea erabilteko espazio barrien beharra sumatu dabe.

Esate baterako, Euskaltel enpresan sorreratik dabiz euskera plana lantzen, lehenengo Euskaraldian erakunde sustatzailea izan ziran eta apirilean Etxealditik Euskaraldira ariketan hartu eben parte hango ahobizi eta belarriprestek. Hortaz, ariguneak sortzea izan da hurrengo pausua, Xabier Iturbe Euskalteleko zuzendariaren arabera.

Fagor taldean, bestetik, beharginen % 80k euskerea, gitxienez, ulertu egiten dau. Behin horra helduta, orain enpresearen beraren momentua da hizkuntza hautua egiteko, euskereari komunikazinorako funtzinoak autortuta. Gizarte erantzunkizuna aitatu dau Fagorreko Leire Okarantzak. Super Amara Bera Bera kirol taldeko ordezkari Jabier Oterminek, azkenik, euskerea bultzatzearen aldeko konpromisoa klubaren baloreakaz bat datorrela azaldu dau.

Ariguneak sortu eta izena emoteko epea zabalik dago, beraz. Baina, Arrate Illaro Euskaraldiko koordinatzaileak gogoratu eragin dauenez, herrietako izen emotea be martxan dago, kasu honetan bagilaren 27ra arte. Gero eta herri gehiago dabiz 2020ko Euskaraldiagaz bat egiten, gitxi gorabehera lehenengo edizinoko kopuruetara heldu dira. Ipar Euskal Herria da salbuespena, hango herriak geroago hasi diralako aktibetan, Illaroren esanetan.

Covid-19ak eragin sakona izan dauela onartu dau Illarok, baina Euskaraldia aurreikusitako moduan eta esandako egunetan egin ahal izango da. Itxialdian be, koordinazino taldeek eta herrietako batzordeek lanean segidu dabe, eta aurretik hasitako dinamikeari eutsi ahal izan deutsee. Norbanakoen txandea uda ostean helduko da, irailean hasiko dalako ahobiziek eta belarriprestek izena emoteko epea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu