Arte Eder Museoko 40 obra, Bizkaiko kostaldean ibiltari
2020-06-16 13:46 KultureaBBK Artearen Ibilbidea 15 herritara helduko da.
Bilboko Arte Eder Museoko bilduma aberatsaren lagin bat aire zabalera atera eta herritarrei hurreratzea erabagi dabe bertako arduradunek, BBK Fundazinoaren laguntasunagaz antolatutako ekimen barriari esker. Museoko 40 koadroren kalidade handiko argazkiak batzen dituen panelak erakusketa ibiltari baten eroango ditue herririk herri, Bizkaiko kostaldean. Lehenengo geltokia Bilboko Arenala da, eta, azkena, Lekeitio, irailaren 28tik urriaren 4ra.
Hau da erakusketea hartuko daben herrien zerrendea, hurrenkera kronologikoan: Bilbo, Areeta, Portugalete, Santurtzi, Muskiz, Ereaga (Getxo), Gorliz, Plentzia, Bakio, Bermeo, Mundaka, Elantxobe, Ispaster, Ondarroa eta Lekeitio.
Aukeratutako koadroak sasoi eta estilo guztietakoak dira, Arte Eder Museoaren bildumearen erakusgarri izatea dalako asmoa. Koadro bakotxaren formatu handiko argazkiak dira BBK Artearen Ibilbidearen oinarria, bereizmen gorenean eginak, sublimazinoa izeneko teknika barritzaile baten bidez. Ganera, obrearen azalpen laburra dakar erreprodukzino bakotxak.
QR kode bat telefonoagaz eskaneauta, obrak interpretetako azalpenak eta jakingarriak entzun ahal izango ditue bisitariek, museoko audiogidak erabilten egongo balira legez. Hortaz, ikusiz eta entzunez disfrutetako erakusketea da. Azalpenak euskeraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez dagoz. Sei obrak umeei egokitutako kontakizunak ditue.
Museoko Erakusketa Saileko arduradun Miriam Alzuriren esanetan, koadroak baino ez ditue aukeratu Artearen Ibilbiderako. Horrek ez dau esan nahi Arte Eder Museoak beste formaturik lantzen ez dauenik, kontrara: Eskulturan eta euskarri barrietan bilduma zabala dauka. Baina kasu honetan dimensino biko obren alde egin dabe, ikuslearen esperientzia bikaina izatea bermatuko dauen formatua dalakoan.
Erakusketa ibiltariari esker, Arte Eder Museoak dimensino herrikoi eta didaktikoa hartu dauela azpimarratu dau Miguel Zugaza zuzendariak. Aukeratutako 40 koadroak gure identidadearen laburpena dira, eta kalejira baten moduan ibiliko dira Bizkaiko kostaldean. Covid-19aren izurria gogoan izanda, aire zabalean museoaren obrez gozau ahal izateak zentzun barria hartzen dauela uste dau Zugazak.
BBK Fundazinoko Nora Sarasolaren arabera, artea eta kulturea herri guztietara eroatea da helburua. Museoko Hezkuntza Saileko María Victoria Antoñanzas bat dator horregaz, herritarrak eguneko 24 orduetan obrakaz alkarrekintzan jarteko moduan egongo dira eta. Izan be, eten barik egongo da zabalik. Dana dala, eguaztenetik domekara, 17:00etatik 20:00etara, museoko adituen bisitaldi dinamizaduetan be parte hartu ahal izango da.
Prest dagoz, beraz, Arte Eder Museoko harribitxien erreprodukzinoak herritarren bisitak jasoteko. Bilboko Arenalean hilaren 29ra arte egongo dira, Areetara joan aurretik. Herri bakotxean formatua pixka bat aldatuko da, lekuan lekuko paisajearen ezaugarrietara egokitzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!