Azkuna Zentroak Lantegia. Ideen laborategia zabaldu dau

Bizkaie! 2020-06-15 10:48   Kulturea

Mediatekako mailegu zerbitzua be martxan dago.

Tana Garrido eta Alina Aguila artisten erakusketea bisitau daiteke: 'Umezarotik zahartzarora, eta alderantziz' | Ikusi handiago | Argazki originala

Azkuna Zentroak, Bilboko Udaleko Gizarte eta Kultura Garaikideko Zentroak, apurka-apurka deseskaladea egiten jarraitzen du, gaur Lantegia. Ideen laborategia edegita; bertan, Tana Garrido eta Alina Aguila artisten erakusketea bisitau daiteke: Umezarotik zahartzarora, eta alderantziz eta Sandra Cuesta soinu-artistearen instalazinoa Lo adherente y el fuego Lantegia 2ko BAT gunean.

Bestalde, astelehen honetatik aurrera Mediatekako zerbitzuak zabaldu egingo dira Atrioko informazino gunean eta bertan, itzulketez gan, mailegu barriak eskatu ahal izango dira.

Gaur egun, Mediatekea barrizte lanetan dabilsorkuntza artistikorako, ikaskuntzarako eta esperimentazinorako gune barri bihurtzeko; beraz, in situ konsultak ezin izango dira egin oraingoz, eta maileguak aldez aurretik eskatu beharko dira telefonoz, posta elektronikoz edo webgunearen bidez. Espazio hori arte sorkuntzeari, ikaskuntzeari eta ikerketeari euskarria emoten deutson eredu barri baterantz doa, ikuspegi barritzaile batetik eta inguruko komunidadeakaz lotuta.

Mediatekearen eraldaketea 2019-2023 Proiektu Programearen eta Azkuna Zentroak gizartearen eta kultura garaikidearen arteko lotura legez dauen helburuaren barruan kokatzen da. Aldaketa, eraldaketa eta eguneratze-prozesu horretan, esentziari eusten jako, personen egungo beharretara egokituz eta espazioan be islatzen dan kultura-eredu barri baterantz joanez. Gainera, astelehen honetatik aurrera, Zentroko sarbideak handitu egiten dira Arriquibar, Iparragirre eta Errekalde Zumarkaleetako sarrerak edegiten baitira.

Azkuna Zentroak aktibo ditu langile eta erabiltzaile guztien osasuna babesteko behar diran neurri guztiak, berbarako, gizarte-distantziari eustea edukierak egokituz, espazioen sarrera eta urteeretan eskuak garbitzeko sistema automatikoak eta eraikinaren eguneroko garbiketa eta desinfekzinoa.

Jarduera Fisikoaren Zentroan espazioak egokitzeko lanak amaitzen dabiz, bagilaren 22tik aurrera ateak edegiteko, normaltasun barria hasten danean. Azkuna Zentroko gainerakoak bezela, edegiera mailakatua izango da, gimnasioa eta ugerlekua erabilteko aldez aurreko hitzorduaren bidez egokitutako aforoagaz. Erreserbak bagilaren 18tik aurrera egin daitekez Jarduera Fisikoaren Zentroko erakusmahaian.


Udako programazinoa

Azkuna Zentroak barriro planteau dau programazinoa 2020-2021ean, bertan behera geratu ez daiten eta aurreikusitako kontratu eta proiektu guztiei eusten saiatu da; holan, Zentroak dagoeneko planifikau ditu udako jarduerak.

Arte garaikidean, Steve Paxton. Drafting Interior Tecniques. erakusketea zabaldu da irailaren 20ra arte eta artista egoiliarren erakusketea Tana Garrido eta Alina Aguila. Umezarotik zahartzarora, eta alderantziz be bisitau ahal izango da garagarrilaren 18ra arte. Garagarrilaren erdialdean, Zentroak Fatxada proiektua. Diseinua, ilustrazinoa eta komikia be aktibauko dau eta Asier Irazabal eta Hernan Quipildor-en Arimearen giltza.

Programazinoko proposamenen artean, aitatzekoa da Sra. Polaroiska (Alaitz Arenzana eta Maria Ibarretxe) kolektiboaren Emakume Jakintsuen Kontseilua. Terrazan izango da garagarrilaren 2an, eguenean, Garbiñe Mendizabalagaz, Generoan eta Emakumeen Eskubideetan aditua danagaz.

Gainera, hile honeetan #AZEtxean bidez izandako esperientzien ondoren, Azkuna Zentroa online gunea lantzen hasi da: Steve Paxton. Drafting Interior Techniques buruzko Nazinoarteko Mintegia, Ixiar Rozasek asmau eta gidatua, formatu hibrido presentzial eta online bat izango du. Garagarrilaren 8an eta 9an, Steve Paxton, Ion Munduate, Ixiar Rozas, Maria Muñoz, Pep Ramis, Otto Ramstad, Ula Iruretagoiena eta Marc Badal artistek parte hartuko dabe.

Zineman eta ikus entzunezkoetan, BIdeOtik Ikus-entzunezko bestelako narratibei begira programea zarratzea nabarmentzen da eta garagarrilaren 7an, Oskar Alegriaren Zumiriki (2019) lana proiektatuko da, besteak beste, eta Zinematekearen zikloa, Hamar zinema-urte, hamaika ikusteko, Golem Alhondigeagaz batera antolatua, hamar urte honeek ospatzeko.

Bestalde, Azkuna Zentroak, Bilbao Orkestra Sinfonikoagaz (BOS) lankidetzan, musika kultura garaikideagaz lotutako hainbat jarduera eskaintzen ditu, jantzearen, ikusizko arteen edo soinu elektroniko eta esperimentalaren bidez. Atrioan eta musika-errepertorioan pieza koreografikoak, ikus-entzunezko proiekzinoak eta musika elektronikoaren zatiak edo inprobisazinoak sartuko dira, musika klasikoaren estetika eta praktika artistiko barrienak egiaztatzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu