Beethoven, Bilboko Orkestrearen denporaldi barriari ekiteko
2020-06-15 08:20 MusikeaOsasun arloko neurriak hartuta, urriaren 1ean hasiko da sasoi barria.
Bilboko Orkestra Sinfonikoak (BOS) 2020-21 denporaldia hasiko dau urriaren 1ean, eta programazinoaren zertzelada nagusiak emon ditu, bide telematikoetatik egindako aurkezpen ekitaldi berezi baten. Izen bat nabarmendu dabe BOSeko arduradunek, Ludwig van Beethoven konpositore alemaniarrarena hain zuzen.
Denporaldi barriaren lehenengo herena hartuko dau Beethovenen obra zabalaren errepasoak. Sei kontzertutan, sinfoniak, biolinerako kontzertuak, pianokoak eta gabonetako emonaldi berezia disfrutau ahal izango ditue entzuleek, besteak beste. Beethovenen askotariko lanak ezagutzeko aukera aproposa izango da, beraz.
Ganera, izen handiko beste konpositore batzuen piezak be ekarriko ditu hurrengo denporaldiak: Mozart, Brahms, Txaikovski, Dvorak eta Carl Nielsen egitarauan sartu ditue antolatzaileek. Astor Piazzolla jaio zaneko mendeurrena be gogoan izango dau BOSek. Azkenik, Aratusteetako programan José Manuel Zapata tenorea konbidauko dabe.
Erik Nielsen izango da, ohiko moduan, kontzertu gehienetako zuzendaria. 2020-21erako zuzendari konbidaduen artean egongo dira Giancarlo Guerrero, Pablo González, Lars Vogt, Unai Urretxo, Sarah Ioannides eta JoAnn Falletta.
Solistei jagokenez, Anne Schwanewilms eta Elisabeth Reiter abeslariak konbidauko ditue, eta musikarien artean, Garrick Ohlsson, Javier Perianes, Denis Kozhukhin, Daumants Liepins, Fumiaki Miura, Alban Gerhardt, Freyr Sigurjonsson eta Laura Delgado, beste batzuen artean.
Osasun larrialdiak behartuta, neurri bereziak hartuko ditu BOSek denporaldi barriko emonaldietan. Aukeratutako piezak musikari gitxigaz joteko modukoak dira, artisten arteko distantzia gorde ahal izateko. Ganera, sarrera gitxiago salduko ditue, aretoen edukierea be txikiagoa izango dalako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!