Konfinamenduan, % 23,25 igon dau Euskaltzaindiaren webgunearen erabilereak
2020-06-12 13:33 KultureaEuskaltzaindiaren Hiztegia izan da konsultatuena (63.689 erabiltzaile eta 692.586 konsulta).
Apirileko eta maiatzeko datuek erakusten daben moduan, COVID19aren eraginpean, hau da, konfinamendu denporan, nabarmen igon dau Euskaltzaindiaren webgunearen erabilereak. Joan dan urteko apirilagaz konparauta, % 9,2 igon dau erabiltzaileen kopuruak eta igoerea % 18,32koa izan da saioen kasuan.
Apirilean, orain arteko marka guztiak hausi dira, eta % 20-30 tartekoa izan da hazkundea. Erabiltzaile gehiago bai, baina, batez be, askoz be erabilera trinkoagoa antzemon da. Holan, apirilean 90.812 erabiltzaile izan ditu Akademiaren webguneak, 2019an baino 10.326 gehiago (% 12,83ko igoerea); erabilera-saioak 158.046 izan dira, 2019an baino 29.197 gehiago (% 22,66ko igoerea); baina ikusitako orrialdeen kopuruan antzemon da igoerarik handiena: 2019an baino 162.405 orrialde gehiago, hau da, % 31,78ko igoerea (guztira, 673.441 orrialde bisitau dira apirilean).
Maiatzean, abantea apur bat uzkurtu egin da; halan da be, igoereak % 10-15eko tarteari eutsi deutso, batez be, erabiltzaileek ikusitako orrialde kopuruari jagokonez (2019ko maiatzean baino % 15,64 gehiago).
Era berean, martiaren 16tik bagilaren 1era, % 23,25ekoa izan da hazkundea bisita kopuruari jagokonez.
2020ko urtarrila-bagila bitartean konsultau diran atalei erreparetan badeutsegu, Euskaltzaindiaren Hiztegia izan da konsultatuena (63.689 erabiltzaile eta 692.586 konsulta); ondoren, Euskal Onomastikearen Datutegia - EODA (79.440 erabiltzaile eta 190.066 konsulta); Orotariko Euskal Hiztegia - OEH (72.291 erabiltzaile eta 249.457 konsulta); Euskera Batuaren Eskuliburua - EBE (6.145 erabiltzaile eta 24.298 konsulta). Webguneko bilatzaileak be bisita asko jaso ditu azken hileotan: 41.496 erabiltzaile eta 189.816 konsulta.
Webgunea barritu eta indartu
Mendeurrenaren barruan, webgunea barritu eta indartu eban Euskerearen Akademiak, eta Arantzazuko biltzarrean aurkeztu eban lanabes barria, hain zuzen, 2018ko urrian. Ordutik hona, erabiltzaileen kopuruak gora eta gora egin dau. Horretara, 2018an, 496.423 erabiltzaile izan zituan Euskaltzaindiaren webguneak eta 2019an, barriz, 800.204 izan dira (% 61,19ko igoerea). Webgunea aldian-aldian barritzen eta aldatzen dau Euskaltzaindiak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!