Euskerearen inguruko Hiruko Ituna barritu dabe

Bizkaie! 2020-06-11 13:51   Euskerea berbagai
Bingen Zupiria, Ana Ollo eta Beñat Arrabit, Iruñeko ekitaldian (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Hizkuntza politikan modu koordinaduan eta alkarlanean sakontzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzeak, Nafarroako Gobernuak eta Euskerearen Erakunde Publikoak sinatutako konpromisoa barritu dabe, Iruñeko Nafarroako Jauregian egindako ekitaldi instituzionalean. Han izan dira hiru erakundeotako euskera arloko ordezkari nagusiak, hurranez hurran, Bingen Zupiria, Ana Ollo eta Beñat Arrabit.

Hain zuzen be, 2017an sinatutako hitzarmenaren 2020ko jarduera-plana aurkeztu dabe, lanerako bost arlo espezifikotan banatuta: hezkuntzea euskeraz; euskerearen erabilera; euskerearen aldeko hausnarketea; euskerearen azterketak eta corpusa; eta lankidetzea Europako esparruan.

Nafarroako kontzeilari Ana Ollok adierazo dauenez, hitzarmen hau lankidetzearen, hartu-emon normalizaduen, sinergien eta bateratzearen aldeko konpromisoa da, bai eta euskerearen aldekoa be. Jaurlaritzako sailburu Bingen Zupiriak zera ganeratu dau: Akordio honi esker, informazinoa eta proiektuak konpartiduten doguz, herritarrei erraztasunak eskaintzen deutseguz, baliabideak batu eta lan egiteko moduak sistematizau.

EEPko Beñat Arrabitek azaldu dau gazteentzako mugaz gaindiko egonaldiak antolatzekoak izan dirala aurten, hitzarmena aprobetxauta eta euskerea dalako hiru lurraldeak batzen dituana. Osasun larrialdiak asmoa atzeratzera behartu ditu, baina 2021ean berreskuratuko dabe proiektua, Arrabiten esanetan estrategikoa dalako.

2020ko hitzarmeneko bost arloak

- Hezkuntzea: Hiru lurraldeetako (EAE, Nafarroako erkidegoa, Ipar Euskal Herria) ikasleen arteko trukeak aurreikusi ditue, eta EAEko unibersidadeetan euskeraz ikasteko erraztasunak emon nahi deutsez beste lurraldeetakoei. Helduei jagokenez, euskerazko ziurtagiriak bateratzen eta irakaskuntzako curriculuma Nafarroara egokitzen egingo dabe lan.

- Erabilerea: Aisialdiko jarduerak bateratu eta mugaz gaindiko egonaldiak sustatu nahi ditue. Arlo digitalean euskerazko Wikipedia garatzeko asmoa agertu dabe. Arlo sozio-ekonomikoan, ostera, diagnostikoa da lehentasuna.

- Hausnarketea: Euskaraldia izango da ardatza, eta familia barruko transmisinoan be arretea jarriko da. Euskerearen Aholkularitza Batzordeko kideak HAKOBAren batzarretara joan ahal izango dira.

- Ikerketea eta corpusak: Adierazleen sistemea alkarregaz hobetuko dabe, baina eremu bakotxeko berezitasunak kontuan hartuta. VII. Inkesta Soziolinguistikoa atontzeko lanei be ekingo deutse (2021ean egingo da). Euskerearen Aholku Batzordeko Terminologiaren Batzorde Berezian Euskal Herri guztiko kideak sartuko dira, eta Euskaltermen Ipar Euskal Herriko terminoei lekua egingo jake.

- Lankidetzea Europan: Finantzaketa-iturrien esparruan proiektuak aurkezten jarraitzea erabagi dabe, eta POCTEFA etorkizuneko programa operatiboetan alkarregaz lanean segitzea, hizkuntza politika lehentasunezko inbersino lez integretako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu