'Euskaltegiek lan handia egin dabe ohiko jarduerea apurka-apurka berreskuratzeko'

Bizkaie! 2020-06-10 13:19   Euskerea berbagai

Maiatzaren 25etik euskaltegiek aurrez-aurreko jarduerea berreskuratzeko aukerea izan dabe.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak euskaltegien egoerearen inguruko adierazpenak egin ditu gaur Bilbon, Gabriel Aresti euskaltegian eta, era berean, dei egin dau ikasleek pausua emon deien euskaltegietara bueltetako, euskerea erakusteko zentroek lan handia egin dabelako segurtasun eta osasun baldintza guztiak bermatzeko.

Covid19 pandemiaren eraginez, euskaltegiek beren ohiko jarduna eten behar izan eben martiaren hasieran baina hori jazo zanetik, EAEko euskaltegi guztiak antolatu eta lan egin eben eskolak era ez-presentzialean eskaintzeko. Halan da be, maiatzaren 25etik aurrera euskaltegiek beren aurrez-aurreko jarduerea berreskuratzeko aukerea izan dabe, behin jarduera-plana Eusko Jaurlaritzeari aurkeztuta.

Momentu honetan, euskaltegi gehien-gehienak hasi dira aurrez aurreko eskolak emoten, gehienetan jarduera presentziala eta ez-presentziala buztartuta. Era berean, bagila hasteagaz batera 25 udako ikastaro hasi dira eskaintzen eta garagarrilean gehiago eskainiko dira, baita barnetegiak be azaldu dau Zupiriak.

Beraz, atzetik datozen eta era presentzialean berreskuratutako ikastaroez gan, bagilean hasitako 25 ikastaro trinko dagoz martxan EAEko euskaltegietan: 14 Bizkaian, 6 Araban eta 9 Gipuzkoan. Eta euskaltegi ia guztiek baieztatu dabe udagoiena baino lehen jarduera presentziala eskainiko dabela.

Azkenik, Zupiriak nabarmendu nahi izan dau euskaltegiak egiten dabizen lana ikasteko baldintzarik onenak eta seguruenak bermatzeko: Euskaltegiek lan handia egin dabe eta jarraitzen dabe egiten euren ohiko jarduerea apurka-apurka berreskuratzeko eta zerbitzurik onena eskaintzeko ikasleei, beti be segurtasun eta osasun berme guztiak eskainiz. Helburua da, beti bezela, erraztasun guztiak eskaintzea eta ikasleak seguru sentidu daitezala euskerea ikasteko bide horretan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu