‘Artistak Egoitzan’ programeak baditu irabazleak
2020-06-09 13:54 KultureaAukeratutako proiektu danak emakumeek sortuak eta gidatuak dira.
BilbaoEszenak aurten aukeratu dituen hiru proiektu irabazleek -Leiho zikin, zeru urdin, Porno vs. Afrodita eta Igogailua- emakumeak ditue buru; holan nabarmentzen da emakumeek zeregin garrantzitsua dabela arte eszenikoetan.
Proposamen bakotxak 4.000 euroko laguntzea izango dau, laguntza artistikoaz eta teknikoaz gan.
Artistak egoitzan Bilboko Udalaren programa da, eta bere helburua uriko arte eszenikoen alorrean ikerketea eta barrikuntzea bultzatzea da. Horretarako, sorkuntza proiektua aurrera eroan ahal izateko beharrezko baliabide ekonomikoak, instalazioak, baliabide teknikoak eta laguntza artistikoa artisten edo ikerlarien esku jarriz.
Aukeratutako proiektuak, danak be emakumeek sortuak eta gidatuak dira, emakumeek arte eszenikoetan daben zeregin garrantzitsuaren adibide: Leiho zikin, zeru urdin, Oihana Vesgaren jantza garaikideko proiektua; Benetan Be-ren Porno vs. Afrodita antzerki-musikako proposamena; Igogailua, Sorginen Lantegiaren arte eszenikoen diziplina anitzeko proiektua.
Proiektu bakotxak 4.000 euroko diru-laguntzea jasoko dau, baita laguntza artistikoa eta teknikoa be. Egoitzak gehienez 25 eguneko iraupena izango dau eta epealdi horretan modu trinkoan egingo da, aurkeztutako eta hautatutako proiektu artistikoan oinarrituta. Egoitzak BilbaoEszenaren lokaletan eta uriko beste gune eszeniko batzuetan egingo dira, ahal dala garagarrilean, abuztuan, irailean eta urrian.
Gainera, hautatutako personek aukerea izango dabe sormen-prozesuak aurkezteko sektoreko publiko orokorrari edo profesionalei, bai Bilboko Antzerki eta Jantza Garaikidearen Jaialdiaren (BAD) hurrengo edizinoaren esparruan, bai Udalaren beste edozein ekimen eszenikoren esparruan.
Hamabigarren deialdi honetara 35 proiektu aurkeztu dira, horreetako 10 euskeraz, era askotako diziplinak dituenak, berbarako, jantza garaikidea, performancea, ikus-entzunezkoak, dramaturgia barriak edo diziplina anitzeko lan eszenikoak.
Leiho zikin, zeru urdin, Oihana Vesga (Jantza Garaikidea)
Biarritzen eta Londresen egiten ditu jantza ikasketak Oihana Vesgak eta Frantziako, Erresuma Batuko eta Madrilgo jaialdietan aurkeztu ditu bere lan koreografikoak. Haregaz lankidetzan dabil Nerea Gurrutxaga, Erresuma Batuko zenbait eskolatan eratua eta bere sorkuntzak euskal testuinguru garaikideetan aurkeztu dituana.
Leiho zikin, zeru urdin-ek espazio eta testuinguru zehatzek emakumearen gorputzean daben eragina aztertzen dau. Mobimentuaren eta ahotsaren bidez, espazioaren eraldaketak eta generoari jagokonez dauen portaerea ikertzen dira.
Emakumearen espazioa ulertu eta aldarrikatzeko beharretik sortzen da piezea. BAD Jaialdiaren hurrengo edizinoan, piezeagaz batera, Laida Zapre argazkilariaren 404.lauzerolau proiektua aurkeztuko da. Obrea gaztelaniaz zein euskeraz aurkeztuko da.
Porno VS. Afrodita, Benetan be (Antzerkia-Musikea)
Benetan be ekimena Zubi deialdiaren babesagaz sortu zan, Patricia Urrutiaren eskutik Inondik Inora familia ikuskizuna martxan jarteko. Inguruan ditugun galdera, ardura eta preminen aurrean hausnartzeko leku izateko sortu da.
Porno vs Afrodita obrea taldearen bigarren ikuskizuna da, publiko gazte eta ez hain gazteari zuzendua, gure ezintasunak, atsekabeak eta gainerako ergelkeria sexualak eta afektiboak alkarregaz konpartiduteko eta barre egiteko asmoz. Zenbait gatxen dimensino kolektiboak persona hilkorren bizkarreko zamea arinduko dalakoan. Osorik euskeraz egindako lana da. Taldea osotzen dabe Patricia Urrutiak, Ion Zumelagak eta Juanjo Oterok.
Igogailua, Sorginen Lantegia (Arte Eszenikoak)
Euskal Herriko lau emakume artistaren ekoizpen kolektiboa da: Itziar Fragua, Aiora Sedano, Esti Villa eta Arantza López.
Igogailua tragikomedia bat da; hiru aktore beraiek sortutako alegiazko mundu batean sartuko dira. Baina, benetan, irudimena al da?
Hainbat personaia irudikatzen ditue, bildurrei eta segurtasunik bako egoerei, izan beharko llitzatekezana ez izateari eta, batez be, askotan ulertzen ez daben mundu batean biziteari buruzko istorioa kontetan lagunduko deutseenak.
Estreinaldia 2021. urtearen hasieran izango da, euskeraz eta gaztelaniaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!