'Eragin Linguistikoaren Ebaluazinoa' titulua sortu dabe
2020-06-09 13:16 Euskerea berbagai2020-21 ikasturtean hasiko da 150 orduko graduondokoa.
EHUk eta UEUk, Kontseiluagaz eta UEMAgaz alkarlanean, Eragin Linguistikoaren Ebaluazinoa aditu-titulua antolatu dabe datorren ikasturterako, eta matrikulea egiteko epea zablik dago, bagilaren 30era arte. 150 orduko graduondokoa izango da (15 ECTS kreditu), eta zazpi saio presentzial egingo ditue ikasturte osoan, urritik apirilera, bariku arratsaldeetan, Eibarren. Kursoaren ganerako orduak Ikasgela Birtualaren bidez emongo dira.
Graduondokoa EHUren Berezko Tituluen eskaintzan sartzen da, bertako sail bik antolatuta: Arkitektura Sailak eta Administrazino Zuzenbidea, Konstituzino Zuzenbidea eta Zuzenbidearen Filosofia Sailak. Ganera, hizkuntzea eta lurraldea lotzen dituen alorretako hainbat erakundetako irakasleak dagoz ikasketa-planean.
Titulu hau eskuratzen daben adituek lurralde-antolamenduko eta urigintzako plan eta proiektuen eragin linguistikoa neurtzen lan egin ahal izango dabe. Administrazino publikoen zein enpresa pribaduen eskaria handia da alor horretan, EAEko 2/2016 Toki Erakundeen legeak Eragin Linguistikoaren Ebaluazinoa egitea derrigorrezko bihurtu dauelako.
Halako ebaluazinoak tresna garrantzitsuak dira, batez be, udalerri euskaldunenetan, urigintza plan barriek hizkuntza aldaketa negatiboak ekarri leikiezalako. Hori dala eta, graduondokoa antolatzen lagundu dabe euskalgintzako eragileek, hezkuntza arlokoakaz batera.
Orain arte gitxi jorratu da urigintzeak dakarren eragin linguistikoa. Tituluaren bultzatzaileek azaldu dabenez, ikastaro honek lagunduko dau urigintzearen eta soziolinguistikearen arteko hartu-emonak ulertzen, baita zuzenbidearen eta soziolinguistikearen artekoa be. Lurralde-antolamenduko proiektuen eragin linguistikoa neurtzen ikasi ez eze, neurri zuzentzaileak ezarten be ikasiko dabe parte-hartzaileek.
Hortaz, graduondokoa aproposa da lurralde antolamenduan eta urigintzan dabizan teknikarientzat (arkitektoak, injineruak, geografoak, soziologoak, abogaduak...), soziolinguistikako teknikarientzat (euskera-teknikariak, soziolinguistak, filologoak...), zein udalgintzan dabizanentzat (zinegotziak, aholkulariak, idazkariak...).
Informazino zehatzagoa eta matrikulea egiteko bideak, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!