Euskaltzaindiak hiru liburu ipini ditu sarean
2020-06-09 08:37 Euskerea berbagaiAkademiaren ondarea digitalizetako ahaleginaren parte da.
Bere ekimenez edo babespean argitaratutako liburuak digitalizau eta sarera igoteko beharrean dabil Euskaltzaindia azken urteotan, ondare hori herritar guztien eskura ixteko asmoz. Oraingo honetan, beste hiru argitalpenen bersino digitala aurkeztu dau Akademiak: Jesús Lorenzo, Jakes Sarraillet eta Xabier Elosegiren liburu bana dira.
Lehenengoa, La Vasconia peninsular en las fuentes árabes (711-929), ikerketa historiko eta dokumental sakona da, Jesús Lorenzo Espinosak egina. Gitxi ikertutako sasoi batera jo dau autoreak, arabiarrek Iberiar Peninsulea konkistau eta Kordobako Kaliferria aldarrikatu zanera bitartekora. Autore arabiarrek Euskal Herriaz eta euskaldunez egindako aitamen guztiak bilatu eta sailkatu ditu.
Bestetik, Jakes Sarralletek Janpierra Lexardoarteren bizitzea ardatz harturik idatzi dauen pastorala digitalizau dau Euskaltzaindiak. Lexardoarte jazoera garrantzitsuen lekuko izan zan: Lehen Mundu Gerrea, Zuberoaren odolustea, 1929ko krisi ekonomikoa, faxismoa eta Bigarren Mundu Gerrea. Ondorioz, betiko baserri ekonomia desegin eban horrek, eta aldaketa sakonak ekarri. Janpierra Lexardoarteren bizitzea edo Basabürüaren trajeria da izenburua.
Azkenik, Xabier Elosegik Le Dauphin itsasontziko gutunen inguruan egindako ikerlana be sarean jarri dau Akademiak. 1757ko euskerazko eskutitzen edukia aberastu dau artxiboetan egindako lanari esker, eta XVIII. mendeko euskerearen historia sozialaz be idatzi dau Elosegik: Ipar Euskal Herriko gizartean euskeraz idazten zan? Alfabetauta egozan orduko Ipar Euskal Herriko euskaldunak? Itaunok erantzun ditu Le Dauphin: 1757ko gutuneriari buruzko osagarriak eta gogoetak, othoi çato etchera liburuan.
Euskaltzaindiaren liburuak sarean eskuratzeko, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!