Botaba Unibersora sartzeko deia egin dau Labayruk
2020-06-08 13:23 Euskerea berbagaiEuskal esamoldeen jokoa erabarrituta dator, baina betiko helburuei eutsita.
Bueltan da Botaba egitasmoa, dagoeneko hirugarren edizinoari ekiteko prest. Euskerazko esamoldeak gazteen artean zabaltzeko Instagrameko bideo-lehiaketa lez jaio zan, eta orain formatua aldatuta dator, Labayru Fundazinoak azaldu dauenez. Euskal Esamoldeen Unibersoa dalakoa osotzea izango da erronka barria, urte osoko ekimen jarraitu bihurtuta.
Kalean eta lagunartean darabilguzan esapide kolokialen erabilerea modu dibertigarri eta dinamikoan bultzatu gura dau Botabak. Ligetako orduan, parranda giroan, lagunari adarra joterakoan… adierazkortasunez jarduteko beharrezko baliabideak olgetearen bitartez ezagutarazo gura doguz, azaldu dabe Labayrukoek. Eduki didaktikoez gan, egunean-egunean euskal esamoldeei lotutako erronkak botako deutsez gazteei, euren egunerokoan baliagarriak baizen erabilgarriak izan leitekezan esaldi eginak eskuratu deiezan.
Aurreko edizinoetan legez, Botabaren hirugarren aldi honetan Labayruren Hiztegi Fraseologikoa izango da oinarria, bertan batuta dagozalako zenbatgura esamolde. Aldi berean, kaleko erabilera naturala be agertzea gura dabe, erdi-ezkutuan dagozan esamoldeak ekarrita, Labayruren arabera.
Horretarako, hainbat arlotako pertsonaia erreferenteen kolaborazinoa izango dau Botabak, kirol mundukoak, kulturakoak eta komunikazinoaren esparrukoak, besteak beste. Arpegi ezagun asko batu dira ekimenera dagoeneko, lekuan lekuko esamolde fresko, kolokial eta lagunartekoen barri emoteko konpromisoa hartuta. Izan be, euren ahotik entzundako esamoldeak beti dira lagungarri gazteen artean errazago zabaldu daitezan.
Astean-astean hainbat proba eta erronka plazaratuko ditue @botabaunibertsoa Instagram kontuan: asmakizunak, hizki-zopak, jolasak, galderak, hieroglifikoak… Hilean behin zozketak egongo dira parte-hartzaileen artean, gazteen gustu eta zaletasunen araberako sariak jokoan dirala. Horrezaz gan, aldian-aldian lehiaketatxuak antolatuko ditue sari bereziagoak irabazteko aukereagaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!