Morricone eta Williams konpositoreen ibilbideari omenaldia

Bizkaie! 2020-06-08 07:50   Musikea

Arteen Asturiasko Printzesearen Saria emon deutse.

Ennio Morricone, kontzertu bat zuzentzen | Ikusi handiago | Argazki originala

Zinemako soinu banden azken mende laureneko historia ezagutzeko ezinbestekoak diran konpositore bi saritu ditue 2020ko Asturiasko Printzesearen sarietan, Ennio Morricone italiarra eta John Williams amerikarra. Euren talentuak ehundazak film aberastu ditu, antolatzaileen arabera.

91 urte eta ibilbide musikal oparoa ditu Ennio Morriconek. 1960ko hamarkadako western-ei doinu gogoangarriak sortu eutsezenean ezagutu eban publikoak. Ordura arteko ohituretatik kanpo, melodia eklektiko eta barritzaileak asmau zituan Mendebalde Urruneko abenturak girotzeko. Sergio Leoneren filmen arrakastearen giltzarrietako bat izan zan Morriconeren musikea.

Harrezkero genero guztietako pelikuletan hartu dau parte Morriconek. Western-ez gan, Once upon a time in America, Cinema Paradiso, Elliott Ness, The Mission eta beste asko haren musikeaz apainduta datoz. Zinematik kanpoko konposizinoak eta zuzeneko emonaldiak be egin izan ditu Morriconek mundu guztian.

Bestetik, John Williams 88 urteko amerikarra Steven Spielbergen zinemagintzeari lotuta dago. Formakuntzaz musika klasikoaren eskolakoa bada be, genero hori zinema garaikidearen beharretara egokitzen jakin dau. Oscar Sarietarako 51 izendapen ditu Williamsek, bizirik dagoan inork ez dau hori gainditzen.

Jaws-eko musika ikonikoa sortu ebanetik, Spielbergen ondoan ibili da Williams ia beti. Beste zuzendari ezagun batzuen pelikuletarako be egin ditu soinu bandak, esate baterako, Oliver Stone (JFK) eta George Lucasentzat (Star Wars).

John Williams.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu