Koldo Biguri: 'Makinak ez dira nahikoa egilearen esentzia xurgatzeko'

Koldo Isusi Zuazo 2020-06-08 08:03   Barriketan

Itzultzailea eta irakaslea.

Gasteiztarra, Euskal Filologia ikasi ondoren, itzulpengintzan dabil 1992tik. Euskal Morfologiako irakasle be ibili zan 2000. urtean Napoliko Unibersidadean. Gaur egun, Euskal Herriko Unibersidadeko Letren Fakultadean irakaslea da. Euskaltzain urgazle izentau eben 1996ko martiaren 29an. Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Alkarteko (EIZIE) buru izan zan 2000-2002 bitartean eta Senez aldizkariko zuzendaria izan zan 1994-1999 bitartean.

Oraintsu, barriz, (H)ilbeltza bekea emon deutse; Joseba Otondo Baztango alkatea, Josu Barambones (H)ilbeltzako ordezkaria eta Garazi Arrula Ruiz Txalaparta argitaletxekoa egon dira epaimahaian. Bekeari esker Massimo Carlottoren Arrivederci amore, ciao euskerara itzuliko dau.


1.- Ezer baino lehen, zorionak Koldo bekea jaso barri. Literatura baltzaren inguruko (H)ilbeltza jardunaldietan aurkeztu eben 2020ko bekearen deialdia, urtarrilean, hain zuzen eta egunotan jakin dogu Koldo Biguriri emon deutsela. Hamar ziran hautagaiak eta zeuri emon deutsue. Lehian zeintzuk egon dira?

Eskerrik asko. Lehian egon garen 10 horreek nortzuk izan diran ez dabe esaten, normalean sekretua izaten da. Hamarren artean aukeratua izatea bada zeozer eta pozarren nago; datu lez esango deutsut, hau kenduta sekula ez dodala literatura baltza itzuli. Gainera, italierea izanda jatorrizko hizkuntzea uste dot marka polita dala 10 finalista egotea.


2.- Bekea urtero emoten da, urte bakoitietan sormena eta bikoitietan itzulpengintzea bultzatzeko. Ogibidez itzultzailea izanda, 50 bat obra itzuli dozuz, gehienak italieratik euskerara ekarriak. Zer behar da itzultzaile ona izateko?

Baldintza bi nabarmenduko neukez eta idazle izateko be balio dabe: jatorrizko hizkuntzea ezagutzea eta norberaren ama-hizkuntzea ezin hobeto jakitea. Horrezaz gan, literaturea eta hizkuntzak pasino izatea be gauza ona da, baita, hizkuntzearen azpiegiturak, musikalidadea, aberastasuna eta bestelako alor batzuk ezagutzea be.


3.- Bekeari esker, Massimo Carlottoren Arrivederci amore, ciao euskerara itzuliko dozu. Napolin Euskal Morfologiako irakasle ibili zinan urtea erabagiorra izango zan italierazko lan baten itzulpen lanetan sartzeko. Baina nondik jatortzu Italiako hizkuntza eta kontuakazko zaletasun hori?

Beti izan naz hizkuntzen zalea eta italierea aspaldi ezagutu neban. Hogeita sei urtegaz hasi nintzan italierea ikasten, hartu-emonetan be ibili nintzan Italiako kultura, artea, gizartea eta jendarteagaz. Artezalea eta historiazale amorratua izanda, Italia paradisua da, ez dot uste munduan dauenik Italiagaz konparetako moduko uririk.

Hizkuntzeari jagokonez, italierea oso goxua da, asko irakurri dot italieraz, herritarrak be oso atseginak dira eta geuri lez jatea gustetan jake, lagunartean egon eta barriketaldi luzeak egitea.

Azken buruan, euskeraz dagoan literatura baltza neureganatu gura neuke; Carlottoren liburuan, delinkuentzia, gaizkileak, lapurretak eta holakoak dira ugari eta euskerara mundu hori zelan ekarri aztertzen be denporatxua beharko dot.


4.- Ganorazko itzulpenak egiteko zenbat hizkuntza dakizuz?

Euskerea kenduta beste lau: frantsesa, ingelesa, italierea eta gaztelania.


5.- Euskerazko literatura baltza bultzatzea da (H)ilbeltza bekearen helburua eta badagoz egon gurean eredutzat hartzeko moduko obrak, besteak beste, Jose Antonio Loidiren Amabost egun Urgain'en eta Mariano Izetaren Dirua galgarri. Egungo idazleen artean zeintzuk nabarmenduko zeunkez?

Jatorrizko hikuntzatan irakurten dot gehienetan eta literatura baltza euskeraz ez dot larregi irakurri eta ezin deutsut izenik nabarmendu. Italieraz asko irakurri dot literatura baltza, baita ingelesez be baina euskerazkoen artean, badaukat lana, dokumentazinoa pilotzen joateko, hartu beharko dot astia horretan sakontzeko.


6.- Oraintsura arte dana itzultzeko jokerea egon da, baina hor dagoz itzultzaile automatikoak, neuronalak eta enparauak. Itzultzaileak zuzentzaile lana egin behar dau? Noiz arte izango doguz hazur-haragizko itzultzaileak?

Era automatikoan itzultzeko hurreko hizkuntzak (gaztelania, ingelesa zein frantsesa) izan daitekez errazenak edo baina pausu bi emotea nahitaezkoa izango da eta horrek kalidadearen gainbeherea ekarriko dau.

Egia da testu administratiboak, errepikakorrak, komertzialak, formula jakinak itzultzeko eta upealako iraultzea ekarri dabela itzultzaile automatiko eta neuronalek baina literaturan horrek guztiak ez dau balio. Patroi faltea da nagusi, liburu bakotxean estilo bat dago eta hori makina batek antzemotea sano gatxa da. Makineak patroi matematikoak erabilten ditu, makineak ez dau pentsetan eta ez dot uste literaturako lanak itzultzeko makinarik egongo danik, makinak ez dira nahikoa izango egilearen esentzia xurgatzeko; horretarako hazur-haragizko itzultzailea beharrezkoa da.


7.- Itzulpen ona, txarra, sena, kalkoa... Ze ezbardintasun dago?

Hau bai galdera potoloa... Kalko berbea entzuten dodan bakotxean urduri jarten naz ze hemen gurean txarraren sinonimotzat hartzen da eta ez da holan, hizkuntzea zauritzen dauena ete dan eta holakoak entzuten dira. Hizkuntza puru edo garbirik ez dago eta kalkoen harian, onak eta txarrak dagoz: ona litzateke aberastasuna, ekarpen positiboa egiten jakonean helmuga edo xede hizkuntzeari eta txarra, barriz, beharrezkoa ez dan zeozer eransten jakonean. Itzulpenaren bitartez Europako hizkuntza guztiak asko hurreratu eta bardindu dira, alkarren adierazmoldeak ekarriz norberaren etxera. Gaztelania latinaren kalkoa da eta hori ez da gauza txarra. Kultura latinoa dago oinarrian eta hori ezin daiteke ukatu. Pentsamoldea, hizkuntza adierazpenak batetik bestera doaz modu naturalean eta hori kalkotzat hartzea ez da zuzena.


8.- Itzulpengintza ikasketak baegozan lehen baina gaur egun zelan dago kontua? Ze mezu bialduko zeunskio saltsa honetan sartu gura dauen bati?

Itzulpengintzeak idatzizko hizkuntzeagaz zein ahozkoagaz dau zerikusia eta azken horri interpretazinoa esaten deutsagu. Kontua da ze jatorri zein xede hizkuntzak bikain ezagutu behar dirala eta horrezaz gan, asko irakurtea be preminazkoa da itzultzaile ibili gura dauenarentzat eta zoritxarrez, nire esperientzia akademikoagaitik dakit oso gitxi irakurten dabela gazteek. Hizkuntzak maitetutea be jarrera ona da, hizkuntzak sakon ezagutzea.


9.- Euskaltzain urgazle zaitugu 1996tik, 25 urtera bidean zoaz. Zeintzuk dira eginkizunak? Ze ekarpen egin deutsu izendapenak?

Badira urte batzuk. Ohorezko izentapena izan zan eta batzorde eta bileretan partzeko hitzorduak egoten dira bakotxaren ekarpenak eta eretxiak jasoteko. Era berean, ikerlanak, testuak be idatzi behar izaten dira. Euskaltzaindiagaz ibili izan naz kolaboretan, Espainiako Sari Nazionalak izentetako epaimahaietan be egon naz.


10.- Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Alkarteko (EIZIE) buru be izan zinan pare bat urtean. Kolektiboaren indarra nabarmentzen dogu beti baina zein da EIZIEren egitekoa?

Egiteko bikotxa. Batetik, 80. hamarkadearen bueltan, sortu zanean, itzulpengintza ikasketarik egon ez arren, hainbat persona ebizen itzulpenak egiten eta zeozelan lanbidea atondu behar zan; euskerearen normalkuntzeak itzulpengintzan izan dau oinarri, itzultzaile asko behar ziran eta danen lan baldintzak zehaztu edo aldarrikatzeko tresnea zan alkartea. Bestetik, EIZIE kultura alkartea be bada eta itzulpengitzearen bueltan egozan beste behar batzuk be bideratu behar ziran, berbarako, lansaioak, mintegiak, itzultzaileen prestakuntzea... Horrezaz gan, literatureagaz lotuta, Eusko Jaurlaritzeagaz batera, Literatura Unibersala saila abiatu eta ekarpen historikoa izan zan, munduko literaturea euskeraz, hain zuzen be.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu