Basque Culinary Center-ek irailaren 3an hasiko dau ikasturtea

Bizkaie! 2020-06-04 12:38   Jan edanak

Osasunagaz lotutako barrikuntza ugari egongo dira.

Argazkia: Basque Culinary Center | Ikusi handiago | Argazki originala

Irailaren 3an hasiko da 2020-2021 ikasturte akademikoa Donostiako Basque Culinary Center gastronomiako prestakuntza zentroan, hango arduradunek ohar baten azaldu dabenez. Gastronomia eta Sukaldaritzako Arteen graduko eta zortzi masterretako ikasleak apurka-apurka bueltauko dira ikasgeletara, baina orain arte ezagutu dabenagaz konparauta desbardina izango da. Izan be, Covid-19aren zabalkundeari aurre egiteko protokolo eta arau barriak egongo dira.

Hasteko, zentroko ikasleek prestakuntza espezifikoa jasoko dabe Covid-19aren inguruan. Talde bakotxean ikasle gitxiago egongo dira, alkarren arteko distantziak zabalagoak izan daitezan. Horren eraginez, irakasleek arreta personalizaduagoa eta eduki praktiko gehiago emongo ditue eta ikaskuntza-dinamika barriak aplikauko dira.

Ikasle guztiek jasoko ditue ostalaritzako enpresentzako beren-beregi diseinautako prestakuntza bi: Elikagaien higieneari eta segurtasunari buruzkoa bata; eta, bestea, Covid-19a prebeniduteko prozesuei buruzkoa. Hain zuzen be, protokolo bi horreek betetea ezinbestekoa izango da zentroan.

Horrezaz gan, NBE espezifikoak erabili beharko dira sukaldean eta aretoan; instalazino eta materialak
sakonago garbitu eta desinfektauko dira; sarbidea eta barruko trafikoa aldatuko da; gel hidroalkoholikoa egongo da eskura; eta 60.000 maskara erosiko ditue ikasle eta irakasleentzat.

Edozelan be, Basque Culinary Center-ek azpimarratu dau ikasleek prestakuntza eta esperientzia prozesuagaz aurrera egin ahal izango dabela, ikasketa praktiko eta esperimentalean oinarrituta, eta online euskarriak metodo tradizionalen osogarri bihurtuko dirala.

Joxe Mari Aizega zuzendari nagusiak adierazo dau Basque Culinary Center prest dagoala ikasleek ikaskuntza-prozesuan jarraitzeko aukerea izan deien, zentroaren hezkuntza-ereduaren oinarrizko elementuei eutsita. Ikasleak dira gure ereduaren funtsa eta euren eguneroko lana bermatu behar dogu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu