Bertatik Bertara, herri euskaldunetako aberastasuna zabaltzeko kanpainea
2020-06-04 09:01 Euskerea berbagaiGure herria, hizkuntzea eta produktuak aldarrikatuko ditu UEMAk.
Uda hau desbardina izango da turismoa eta bidaiak egiteko orduan, Covid-19ak eragindako osasun larrialdiagaitik. Jarduera turistiko barrian be, udalerri euskaldunek dituen aberastasunak ezagutarazo eta aldarrikatzeko lekua bilatu nahi dau UEMAk, eta Bertatik Bertara kanpainea ipini dau martxan, Mankomunidadeko kide diran udal batzukaz alkarlanean.
Herritarrei eta bisitariei erakutsiko deutse udalerri euskaldunak zelako altxorrak diran, bertako produktu, kultura eta ekonomian oinarritutako garapenari eskutik helduta, UEMAk azaldu dauenez. Hori guztia, udalerri euskaldunen nortasunaren oinarria euskerea dala ahaztu barik. Denda, jatetxe, ostatu eta zerbitzu sektorerako kartelak eta mahai-ganekoetako testuak izango dira kanpainearen euskarriak.
Kanpaineagaz bat egin daben udalek banatuko deutse material guztia merkatariei eta ostalariei, herritar eta bisitariakana heltzeko bitartekari ezin egokiagoak diralakoan. Udearen atarian, bestetik, hedabideetan komunikazino kanpainea egingo dabe, baita sektoreetako arduradunak eta langileak trebatzeko online saioak be.
Udagoienetik aurrera beste pausu bat egin nahi dau UEMAk, udalerri euskaldunen garapenaren inguruan azken urteotan hasitako ildoaren barruan. Horretarako, bertako produktuak eta elikagaiak, lehen sektoreko ekimenak eta ekonomia sozial eraldatzailearen aldeko proiektuak udaletatik laguntzeko modua zehaztuko dabe.
UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanoren esanetan, gure herriez eta gure hizkuntzeaz gozetako gonbidapena egiteagaz batera, gure herriei bizirik eusteko bertako elikagaiak eta produktuak be giltzarria dira. Herri batzuetan ekimen eredugarriak sortu ditue azken urteotan, eta udalei bide hori egiten laguntzea be bada kanpaina honen hurrengo faserako aurreikusita daukaguna.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!