Euskerazko ehun berba 1610eko Suitzako liburu baten

Bizkaie! 2020-06-04 09:05   Euskerea berbagai

Mintzoa argitaletxeak eskuratu dau Kaspar Waser teologoaren lana.

Liburuaren azala (argazkiak: Mintzoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Italian topau dabe Mintzoa argitaletxe nafarreko arduradunek antxinako liburu horren ale bat. Orain arte gitxi aitatua zan bertoko adituen artean, ez dalako euskerearen inguruko lana, munduko hizkuntzen inguruko errepaso orokorra baino. Baina Mintzoakoek nabarmendu dabenez, euskerearen inguruko orrialde interesgarri batzuk ditu.

1610ean argitaratu zan Mithridates de differentes linguis (izenburu osoa luzeagoa da), Zurichen, Kaspar Waser teologoaren bultzadaz. Conrad von Gesner XVI. mendeko bibliografoak idatzitako pasarte batzuetan, euskerearen inguruko informazino zehatza emoten da. Batetik, non egiten dan berba: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Bearno aitatzen ditu.

Bestetik, euskerea zelakoa dan jakiteko argibide batzuk emoten dira Gesnerren testuan eta Waserrek 1610eko edizinorako egindako gehikuntzetan. Joanes Leizarragak 1571n euskerara itzulitako Testamentu Barriko Aita Gurea berbaz berba kopiauta dator. Ondoren, ehun berba inguruko zerrendea, latineko itzulpen eta guzti. Batez be, eguneroko berba arruntak dira: Aita, ahoa, aker, arguia, arraya, echea, eguzquia, gorria, senarra... Gaur egungo idazkerea gogoratzen dabe batzuek, adibidez, Bihotza-k.

Pilo bat hizkuntzaren artean agertzen da euskereari egindako aitamena, eta ez da luzea, lau-bost orrialde. Baina alderdi historikotik badauka balioa, duda barik. Batetik, Suitzako Zurich urian argitaratu zalako, Euskal Herritik urrun eta sasoi haretako Europako pentsamenduaren erdiguneetako baten. Bestetik, 1610ean euskerea zelakoa zan eta zelan idazten zan agiri dalako. Lau mendean, gehienbat ortografia aldatu da, baina Mithridates de differentes linguis-eko berba batzuetako idazkerea gaur egungoaren ia bardina da, eta horrek harridurea eragin dau.

Edozelan be, hizkuntzalari eta historialariek ondorio gehiago ateratzeko astia izango dabe aurrerantzean, Mintzoak liburua erosi dauela aprobetxauta. Edizino horren beste ale batzuk be ezagutzen dira, baina atzerriko gordailu eta liburutegietan dagoz.

Euskerazko berben zerrendea dakarren orrialdeetako bi.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu