Euskerazko topaketa birtuala Barakaldon
2020-06-03 13:07 Euskerea berbagaiMintzodromoa, olgetak eta gazteentzako erronkak egongo dira hilaren 4an, eguena.
Herritar guztiei zabalik egongo dan topa-ordu digitala antolatu dau Barakaldoko Udalak eguenerako, bagilaren 4rako (18:30). Udalerrian Euskaraldia antolatzen dabilen batzordeko kideen ardurapean, hainbat jarduera egingo ditue, eta internet bidez ikusi edo parte-hartu ahal izango da.
Sasoi honetan Mintzodromoa antolatu izan dabe Barakaldon beste urte batzuetan, herritarren artean euskerearen erabilerea bultzatzeko asmoz. Aurten, osasun larrialdia dala eta, ekitaldi hori bertan behera itxi behar izan dabe, baina egueneko topaketa birtualaren bidez beteko dabe hutsunea.
Mintzodromoa egin egingo da, baina ez betiko baldintzetan. Saio birtuala izango da, eta nahi daben guztiei egin deutse parte hartzeko deia. Herritar guztiak inplikau nahi doguz, ez bakarrik euskerea ikasten dabizanak, adierazo dau Barakaldoko Udaleko Euskera zinegotzi Iratxe Forcesek. Taldeka banatuta, hainbat gairen inguruan euskeraz berba egingo dabe Mintzodromoan. Euskerea ikasten hasi barri diranentzako eta ganerakoentzako atalak egongo dira.
Beste jarduera batzuk be antolatuko ditue, euskerearen erabilereagaz lotutakoak: Familia guztiarentzako olgetak, 12 eta 18 urte bitarteko gazteentzako erronkak... izena emoteko webgune honetara jo, eta nahi dogun jarduerea aukeratu behar dogu. Topaketea hasi baino lehentxuago esteka bana bialduko jake izena emondakoei, gela birtualean sartu daitezan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!