Arriaga Antzokiak datorren bagilaren 17an edegiko ditu ateak
2020-06-03 13:45 KultureaJoaquín Achúcarro izango da bagilaren 17ko edegiera kontzertuaren protagonista.
Oraintsu 130 urte bete dituan Arriaga Antzokiak egun batzuk barru edegiko ditu ateak, danok ezagutzen ditugun osasun arloko arrazoiak dirala eta ateak zarratu behar izan zituanetik hiru hilebete eta bost egun igaro ondoren. Eta itzulera bikaina izango da, Joaquín Achúcarroren, gure sasoiko pianista garrantzitsuenetako baten eskutik, izan be, berea izango da Arriaga Antzokiak garagarrilaren 23ra arte eskainiko dituan 19 ikuskizunen artetik lehenengoa, Bilbao Aurrera programearen barruan. Juan Mari Aburto Bilboko alkatea bera izan da gaur goizean udaleko alderdi politiko guztien ordezkariek osotzen daben Arriaga Antzokiaren Administrazino Kontseiluaren buru. Arriaga Antzokiak Bilbao Uda 2020 udal ekimenaren barruan bideratuko ditu jarduera guztiak eta abaguneetara egokituz egingo dau; horretarako, Arriagara doazen persona guztien segurtasuna bermatuko daben higiene neurrien protokoloa atondu dau. Edukierea murriztu egingo da eta gehienez be, 246 besaulki jarriko dira salgai, personen arteko distantzia fisikoa gorde ahal izateko.
Arriaga Antzokiaren berredegiearen protagonista Joaquín Achúcarro maisu handia izango da. Bera zan, hain zuzen be, maiatzaren 31n, Arriaga Antzokiaren 130. urteurrena ospatzeko kontzertua emon behar ebana. Zoritxarrez, hori ezinezkoa izan da, baina, orain, Arriagan, maisuagaz batzeko eta urteurrena baino garrantzitsuagoa dana, bizitzea eta kulturea, ospatzeko eta gaur egunera eta etorkizunera begiratzeko, aukerea dogu. Ez da kasualidadea bere belaunaldiko bat izatea Arriagako ikuskizunei barriro ekiteko aukeratutakoa, pandemiaren ondorioak gehien jasan dituan belaunaldiaren sinbolo moduan. Hori dala eta Arriaga Antzokiak Achúcarro maisuaren alde egin dauen apustua sinboloa be bada, arteak eta edertasunak abagune larrienak gainditzen dituala erakusten dauen sinboloa, hain zuzen be. Haren sensibilidadea, indarra eta gozotasuna bagilaren 17an, batuko dira, Bachen, Beethovenen, Brahmsen zein Liszten lanak oinarri hartuta.
Egun horretatik aurrera, beste 18 ikuskizun, guztiak be egun bakarrean eta 19:30ean hasita, bost asteko epean, garagarrilaren 23ra arte. Arriaga Antzokiak zuhurtziaz eta sormenez erantzun gura izan deutso proposamen eszenikoen kalidadea eta eszenatokiaren beraren barruan osasun arloko neurriak betetea buztartzen dituan erronkeari.
Arriaga Antzokiaren programazino barria zehazten dauen zeozer baldin badago, bertoko talentuaren aldeko apustua da eta ezaugarri hori berezkoa dau Arriaga Antzokiak, besteak beste, Asier Polo biolontxelista bikainak emongo dauen kontzertua (garagarrilaren 2an) eta Jone Martínez sopranoak eta Maite Maruri mezzoak, Passamezzo Antico ensamble barrokoagaz batera Vivaldi interpretauta eskainiko dabena (garagarrilaren 8an) egongo dira. Gabriel Arestiren etxea defendituko dut (garagarrilaren 9an) poesia ikuskizuna be Calixto Bieitok zuzenduko dau. Gabriel Arestiren poemei egingo jaken omenaldia da, euskeraz eta gaztelaniaz, Miren Gaztañagaren, Itxaso Quintanaren, Mikel Losadaren eta Gabriel Ocinaren ahotsakaz. Amaitzeko, garagarrilaren 14an, Bieitok berak Tiempos de Cabaret y Cambalache zuzenduko dau, Gurutze Beitiagaz, Iñaki Maruri pianoan eta Jon Fresko perkusinoan ibiliko diran antzerki-kabaret ikuskizuna, keinuan, oihuan eta zoramenean oinarritutako antzezlana.
Informazino gehiago eta egitaraua osoa begitu hemen.
Sarrerak
Programautako ikuskizun guztietarako sarrerak bagilaren 4tik aurrera egongo dira salgai webgunean edo Arriaga Antzokiaren txarteldegietan. Txarteldegien kokalekua, indarreko osasun arloko arauak beteten dirala bermatzeko egokitu eta seinaleztatu da. Sarrerek 15 euroko kostu bakarra izango dabe (12 euro Arriagaren Lagunentzat) eta 30 eurorengaitik hiru ikuskizunerako bonua eskuratzeko aukerea emoten da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!