Euskerazko argitalpenei laguntzeko deialdia Bizkaian

Bizkaie! 2020-06-02 13:40   Euskerea berbagai

Komunikabide digitalek osasun larrialdian igoera nabarmena izan dabela ikusi dau Foru Aldundiak.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak euskerazko argitalpenak babesteko eta bultzatzeko laguntzinoen 2020ko deialdia onartu dau. Merkataritza-soziedadeek, kooperatibek, banakako enpresaburuek, profesionalek eta irabazi asmorik bako petsona juridiko pribaduek eskatu leikiez laguntzinoak, euskerazko aldizkako argitalpenak plazaratzen baditue. Danetara, 900.000 euro dagoz banatzeko.

Papelean zein formatu digitalean kaleratzen diran argitalpenak sartzen dira deialdian, euskera hutsean tokiko, eskualdeko edo lurraldeko informazinoa zabaltzen badabe. Era horretara, Bizkaiko Foru Aldundiak gizarteko eremu guztietan euskerearen erabilerea bultzatu nahi dau. Foru Dekretua Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hogei egun naturaleko epea egongo da eskabideak egiteko.

Aurreko urteetan be lagundu izan ditu Aldundiak euskerazko komunikabideak, eta, datuak ikusita, pozik dago babes horrek ekarritako emoitzeagaz, batez be hedabide digitalen kasuan. Covid-19aren ondoriozko konfinamenduan, euskerazko medio digitalek erabiltzaile barri asko erakarri ditue. Herritarrek informazino zehatza eta landua euskeraz jasoteko daben eskubidea bermatu da holan, Foru Aldundiaren arabera.

Google Analytics tresnearen bidez egindako azterlanean 49 hedabide digitalen konsumoa aztertu da. 2020ko martian, zezeilagaz konparauta, % 40 hazi da erabiltzaileen kopurua; 1.375.000 izan dira guztira.

Euskerazko webgune horreetako trafikoari jagokonez, saioen kopuruak % 53 igon dau (4.227.653 saio martian), eta bisitautako orrialdeen kopurua, % 46 (martian 9.275.279).

Aldundiak eskerrak emon deutsez komunikabideoi osasun krisi honetan herritarrei euskeraz informazinoa emoten egindako lanagaitik. Era berean, zoriondu egin ditu, herritarren konsumo-ohituren aldaketetara eten barik egokitzen jakin dabelako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu