Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpengintza Sarirako deia

Bizkaie! 2020-06-01 12:24   Euskerea berbagai

Euskeratik beste hizkuntza batzuetara itzulitako liburuak aurkeztu leitekez.

Bernat Etxepareren 'Linguae Vasconum Primitiae'-ren japonierazko edizinoa | Ikusi handiago | Argazki originala

Seigarren edizinoa beteko dau Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpengintza Sariak aurten, euskal literaturea nazinoartera eroan eta euskal autoreen obrentzako irakurle barriak topetako lanean. 2020ko edizinoko deialdia zabalik dago, bagilaren 26ra arte, lehiaketea antolatzen daben erakunde biek jakitera emon dabenez.

Argitaletxeek, autoreek zein beste eragile batzuek aurkeztu leikie hautagaitzea Etxepare-Laboral Kutxa Sarirako. Jatorriz euskeraz idatzitako liburuen itzulpenentzako lehiaketea da, eta edizino honetan, 2019an argitaratutako itzulpenak hartuko ditue kontuan.

Epaimahaiak irabazle bakarra aukeratuko dau, itzulpenaren kalidadea eta itzulpen-lana sustatzeko plana aintzat hartuta. 4.000 euro emongo deutsez antolatzaileei, hain zuzen be argitaletxeari eta autoreari erdibana. Era berean, irabazleak Euskal Herrira etorri daitezan liburua aurkezten, edo itzulpena plazaratu dan herrialdean sustapena egin deien, beste 2.000 euro erabiliko ditue antolatzaileek. 

Saria emoteko ekitaldia irailaren 30aren bueltan izango da, Itzultzaileen Nazinoarteko Eguna dalako. Lekua eta egun zehatza antolatzaileek erabagiko dabe aurrerago. Lehiaketearen oinarriak hemen.

Etxepare Euskal Institutuak gure kulturea eta hizkuntzea atzerrian zabaltzeko egiten dauen lanagaz bete-betean bat dator sari hau. Izan be, euskeraz sortutako lanak beste hizkuntza batzuetan, eta beraz beste herrialde batzuetan, ezagutzeko bidea errazten dau. Era berean, euskeratik itzultzen daben profesionalei laguntzinoa emoten jake, askotan ezkutuan geratzen dan lanbidea dalako.

Aurreko bost edizinoetan honeek izan dira irabazleak: Joseba Sarrionandiaren Tempo de exilio, Isaac Xubinek galizierara itzulia; Kirmen Uriberen Mussche, Nami Kanekok japonierara; Bernardo Atxagaren Behi euskaldun baten memoriak, Jaroslav Gubarevek eta Anetta Antonenkok ukrainierara; Gabriel Arestiren Harri eta herri eta Maldan behera, Amaia Gabantxok ingelesera; eta Joseba Sarrionandiaren Hilda dago poesia?, Ainara Muntek katalanera itzulia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu