2021eko BBK Live-k aurtengo kartelari eutsiko deutso

Bizkaie! 2020-06-01 08:42   Musikea

The Killers, Pet Shop Boys eta Bad Bunny prest dagoz euren kontzertuak urtebete atzeratzeko.

Covid-19 dala eta, 2020ko Bilbao BBK Live jaialdia bertan behera itxi behar izan dabe antolatzaileek, baina orain dala aste batzuk aurreratu eben aurtengo programazinoa datorren urtera atzeratzen ahaleginduko zirala. Kartelburu nagusiek baiezkoa emonda, BBK Live-k baieztau dau 2021ean egingo dala aurtengo garagarrilerako iragarrita egon dan edizinoa.

Kartelean agiri diran hiru izen nagusiek dagoeneko oneretxia emon dabe 2021eko udan Bilbora etorteko: The Killers, Pet Shop Boys eta Bad Bunny dira. Beste askok be onartu dabe datorren urtean Kobetamendin jotea: Bicep Live, Bomba Estereo, Caribou, Fontaines D.C., Meute, Supergrass, El Columpio Asesino, León Benavente, Amorante, Omago, Triángulo de Amor Bizarro eta Xabi Bandini aitatu ditue antolatzaileek. Ganerako taldeakaz be berbetan dabiz, 2021eko kartela aurten bertan behera itxitakoaren ahalik eta antzekoena izan daiten.

Datorren urteko garagarrilaren 8tik 10era ipini dabe hitzordua, Kobetamendin. 2020ko edizinorako sarrerak baliozkoak izango dira 2021ekorako. Edozelan be, dirua berreskuratzeko aukerea dago, BBK Live-ren webgunearen bidez, bagilaren 14ra arte.

Bestetik, antolatzaileek gogoan hartu nahi izan ditue musikagintzako beharginak, Covid-19aren erruz egoera latzean dagozalako. Esate baterako, BBK Live-n bertan, makina bat profesional autonomo ibilten dira beharrean, fokoen argitik urrun, crew edo lantaldean: Teknikariak, garraiolariak, harreragileak... Horreeri zelanbait laguntzeko, saldutako sarrera bakotxetik 5 euro hartu, eta batutakoaren % 50 beharginon artean banatuko dabe. Diruaren beste erdia Bizkaiko Elikagai Bankuari emongo deutse.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu