Ainhoa Tirapu: 'Harrobiko lan ona egin ezkero, goian egongo da Athletic'
2020-06-01 08:01 BarriketanAthleticeko futbolaria.
Azken hamabost denporaldiak Lehen Mailako Athletic taldean jokatu eta gero, Ainhoa Tirapu atezain nafarrak erretiroa hartzea erabagi dau. Barañaingo Lagunak taldeak emon eutsan goi mailan debuta egiteko aukerea, eta Extremadurako Pueblan be ibili zan urtebetez, baina jokalari eta persona legez Athleticen hazi dala onartu dau Tirapuk, klub zurigorrian 2005etik dagoan ezkero. Athleticegaz liga bi irabazi ditu, Txapeldunen Ligan jokatu dau eta kapitain izan da. Euskal Herriko zein Espainiako selekzinoetan be ibili da.
Horrezaz gan, zelaitik kanpo be arrastoa itxi dau, bardintasunaren zein euskereren aldeko lanean. Bizitza eskukadaka liburua aurkeztu eban 2019an, Miren Rubio kazetariaren laguntasunagaz idatzia. Covid-19aren ondorioz, emakumeen ligea amaitutzat jo dabe, eta Kopea bertan behera geratu da, Athletic finalaurrekoetako kanporaketea jokatzeko prest egoala. Hortaz, Tirapuk ezin izan dau zelaian agur esan.
1.- Zelaian agur esateko aukerarik ez dozu izan, Covid-19agaitik. Penaz geratu zara?
Denporaldi hasieran erabagia hartu nebanean ez neban honakorik aurreikusi, buruan beste era bateko agurra neukan. Baina pandemiari aurre egiteko ez dago beste erremediorik, datorren moduan hartzea da onena, eta gogoratzea osasuna dala garrantzitsuena.
2.- Athletic Kopako finalaurrekoak jokatzekoa izan da, eta Ligan be goiko postuetara begira. Taldean zelan hartu dozue denporaldia amaitu beharra?
Momentu oso onean gengozan, Ligan posturen bat gora egiteko aukerak geunkazala uste dot [bosgarren izan dira azkenean]. Kopan be ilusinoa handia geunkan ipinita. Txapelketak eten eta itxialdia hasi zanean, batzuk hasi ginan pentsetan denporaldia amaitu egingo zala, beste batzuk baikorragoak ziran, bueltauko ginalakoan. Espero izatekoa zan denporaldia amaitutzat jotea, eta etxean egon garen bitartean idea hori barruratzeko ahalegina egin dogu. Gatxa zan emakumeen futbola bueltetea, ze diru pilo bat behar da testak egiteko, protokoloak beteteko... eta gure kirolean ez dago horrenbeste diru. Penaz geratu gara.
3.- Aurten Andrea de la Navak partidu batzuk jokatu ditu zure ordez, Andere Legina eskarmentu handiko atezaina da eta egunotan Amaia Peña gaztea fitxau dau klubak. Zure lekukoa hartzeko hautagaiak badagoz.
Urte asko egin dodaz taldean, eta, batzuetan, begitantzen jat tapoia be egin dodala, atezain onak egon dira urteotan, baina ez dabe aukera larregirik izan. Alde horretatik, beteranoa joaten danean gazteentzako lekua geratzen da. Nik uste dot atezain gazteek maila ona emongo dabela. Motibauta dagoz euren aukerea aprobetxetako, orain euren artean lehiatu beharko dira lehenengo atezaina zein izango dan ikusteko.
4.- Emakumeen futbola ikaragarri aldatu da urte gitxian: Dirua, fitxaketak, klub indartsuak... barra-barra sartu dira. Zein izan behar da Athleticen estrategia olatu horretan ez itotzeko?
Harrobian egin behar da ahalegina, gure fitxaketarik onenak gazteak dira. Iraia Iturregiren taldeak [Athletic B] Reto Iberdrola Ligea irabazi dau [Espainiako bigarren mailea], horrek esan nahi dau gazteek maila bikaina emon dabela. Lezaman lan ona egiten da, eta horri esker, behetik datozanentzat aukerak egongo dira lehenengo taldean. Egia da gero eta gatxagoa izango dala txapelketak irabaztea, beste taldeen fitxaketakek gure filosofia txiki ixten dabelako, baina harrobiko lan ona egin ezkero goian egongo da taldea.
5.- Ángel Villacampa entrenatzaile barria izan dozue aurten, eta beste denporaldi baterako luzatu dau kontratua. Zelakoa da bera?
Gizon metodikoa da, ordu pilo bat sartzen doguz beragaz. Batzuetan taldea banatu egiten dau, bakotxak bere arloko ariketa espezifikoak egin deizan. Denporaldia hasieratik antolatzen dau ia osorik. Hasieran kostau jakun bere metodoetara ohitzea, baina gero ondo. Orain taldekideek hobeto ezagutzen dabenez, uste dot hurrengo denporaldian goi-goian egoteko aukerea dagoala, metodologia zorrotz horri esker. Ganera, Txapeldunen Ligarako hiru postu egongo dira datorren denporaldian, horrek ilusinoa handitzen dau.
6.- 2005ean heldu zinan Athleticera. Kirol arloko momenturik onena zein izan da zuretzat?
Irabazi genduan azkenengo ligea [2015-16]. Athleticek, sortu eta gitxira, hiru liga irabazi zituan segidan, eta irabaztera ohituta egoan. Nire bigarren urtean barriro izan ginan txapeldun [2006-07]. Bost urtean lau liga irabazten dozuzanean, beharbada, gauzak ez dozuz horrenbeste baloretan, baina bederatzi urteren ostean, bosgarren ligea irabazi genduan arte, hor ikusten hasten zara ze gatxa dan. Urteroko lana eta konpromisoa ez ziran aldatu, baina detaile batzukaitik bigarren geratu ginan askotan, eta azkenik lehenengo postua lortuta gehiago gozau genduan. Horregaitik da garrantzitsua bosgarren ligea, batez be ikusita emakumeen futbolak hartu dauen bidea, ze gero eta gatxagoa izango da txapeldun izatea.
7.- Alderdi personalean, ze arrasto itxi deutsu Athleticek?
Hemen hazi naz, 20 urtegaz etorri nintzan eta 35egaz noa. Nire bizitzearen ia erdia hemen emon dot. Persona legez be, Athletici eta futbolari lotuta hazi naz.
8.- Zelaitik kanpo be sarri ikusi zaitugu, emakume futbolarien duintasuna eta eskubideak aldarrikatzen. Gustura geratu zara alderdi horretan egindako lanagaz eta aurrerapausuakaz?
Belaunaldi bakotxak bere lana egin behar dau, gure aurrekoek be gauza asko egin zituen. Gure belaunaldikook aurrekoena aprobetxau eta horretan sakondu dogu, gure kirolean inflexino puntu nabarmen batzuk bizi izan doguz: [Espainiak] Munduko Txapelketan jokatzea, Universo Mujer programeak ekarritako babesleak... Hori aprobetxau dogu gure aldarrikapenei sendotasuna emoteko, baliabideak hobetzeko eta lan-hitzarmen barria sinatzeko. Orain datozan futbolari gazteek be burrukea egin beharko dabe guk itxitakoa hobetzeko, bardintasunaren bidean.
9.- Burruka horren hurrengo pausuak zeintzuk izan behar litzatekez?
Hasteko, Kirol Legea aldatu behar da, 1985ekoa dalako, eta 1990etik ez dabe barritu. Zaharkituta dago, eta diskriminazinoa bultzatzen dau. Gure kirola lege aldetik be profesionala izatea lortu behar dogu. Beste alde batetik, lan-hitzarmena sinatzea lortu genduan, baina azken momentuan gure aldarrikapen batzuk ez ziran sartu, akordioa errazteko. Pixkanaka horreek berreskuratzen joan behar dogu, batez be, lanaldi osoarena, ze gu egun osoan gara jokalari profesional: Lagunakaz, jateko orduan, etxean... beti dogu buruan futbolariak garala, hortaz, ezin gara konformau % 75ko lanaldiagaz.
10.- Konpromisoa agertu izan dozu bardintasunaren, euskal kulturearen eta euskerearen alde, besteak beste. Jente ezaguna eredu izan behar da gizartean?
Beti pentsau dot kluba eragile soziala be badala, eta bertako kide nazan ezkero, garrantzitsua da konpromisoa izatea. Euskerearen kasuan, ni nafarra naz, eta euskerearen kontrako neurriak sufridu dodaz, beharbada hori EAEn ez da horrenbeste ikusten. Txikitan Larragan bizi nintzan, eta ikastolan euskeraz ikasi ahal izateko, egunero joan behar nintzan Zizurrera, ordu erdiko bidea da. Halakoak ezagutu izan dozuzanean, gehiago baloretan dozu euskeraz bizi ahal izatea. Gurasoak euskeraz ikasten hasi dira orain, nik uste dot eurakandik jaso dodala burrukarako gogoa.
11.- Ikasketaz kimikaria zara. Behin futbola itxita zientzietara bueltetako asmorik badozu?
Gatx ikusten dot, ze 2014an egon nintzan azkenengoz laborategian, eta barriro hasi beharko nintzateke egunean jarten eta zientzia asko irakurten. Ez dakit hori egingarria dan, ze lan egin behar dot, etxea pagetako, formakuntza huts-hutsean ezin naz barriro sartu. Dana dala, beste enplegu batean eszedentzian nago, kurso batzuk be egin dodaz. Badaukadaz aukerak, baina lasaitasunez hartu nahi dot neure etorkizunaren inguruko erabagia.
12.- Futbolagaz lotuta egon leiteke zure geroa?
Entrenatzaile izateko ikastaroak eginda daukadaz. Garbi daukat, futbolean segidutekotaz, atezainen entrenatzaile izango nazala. Urte pilo bat egin dodaz futbolaren inguruan, eta ez dot neure burua mundu horretatik urrun ikusten, baina ez dot erabagirik hartu, ikusiko da.
Argazkiak Athletic Clubek lagatakoak dira.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!