Busturialdea-Urdaibai herriz herri dabil ohiko jarduereari ekin ahal izateko

Bizkaie! 2020-05-29 11:47   Pil-pilean

Erantzun bikaina ahalegin kolektiboan dago.

Normaltasun barria zalantzazkoa da. Sektore guztietako erakunde, alkarte, enpresa publiko eta enpresa pribatuek ahaleginak egin ditue konfinamenduaren zailtasunak gainditzeko. Deseskaladan ahaleginak indartu ditue, bakotxari jagokozan maila eta erantzukizunak ardatz hartuta, baliabide guztiak jarri ditue euren udalerri, eremu eta sektoreetan jarduereari barriro ekiteko. Giro horretan gagoz Busturialdea-Urdaibaiko herrietan bizi eta lan egiten dogun guztiok, eta eragile askok, 60k baino gehiago, lana #danonartean espirituagaz identifiketan dabenak, leku eta udalerriaz gaindiko mailan, alkarregaz aurrera egiteko, inor atzean itxi barik.

Egungo deseskalatze-esparruan, ekitea da jarrerea. Hile bi izan dira, erakundeek estrategiak, eskumenak eta gaitasun ekonomikoak barrikusi ditue 2020ko ekitaldiko planak berbideratzeko eta gogotik lan egin dabe personei euren bizitzak berreskuratzen laguntzeko neurriak ezartzeko.

Erakundeak, eremu geografiko eta juridikoan, konfinamendu-lanetan ibili dira, azpiegiturak egokitu eta aurrera egiteko urtenbideak zehazten. Erakunde publikoek aurrekontuak barrikusi ditue, eta finantzaketa gehiago bilatu dabe beste erakunde batzuetan, laguntzak eskaintzeko tokiko enpresei, saltoki txikiei, ostalaritzari eta personei. COVID 19k gauetik goizera suntsitu eban hareen lan-errealidadea. Enpresa txikiek eta enpresa traktoreek eta enpresa-alkarteek denpora guztia daroe aurre egiteko moduaren bila, merkatuek zer bilakaera izango daben aztertuz eta laguntza publikoek ze neurritan eutsi eta ekonomia sortzen jarraituko daben baloretan.

Helburua ez da aurreko egoerara bueltetea, hobetzea baino, ilusino barriak sortzea eta personen ongizatea eta eskualdeko etorkizun sozioekonomikoa eta kulturala bermatzea, herriz herri.

Koronabirusaren krisiak guztiok, enpresak eta erakundeak, hartu gaitu gure jarduera-esparruetan aurrera egiteko lanean, etorkizuneko proiektuakaz. Askok porrot egin dabe eta beste batzuk arrisku larrian jarri dira. Eskualdeko agenteak batzea eta kohesionetako helburuari eutsiz, alkarlanerako etorkizun bat sortzeko, udalerri, familia eta Busturialdea-Urdaibain bizi edo lan egiten dauen persona bakotxa aurrera egiteko, #danonartean da gako unibersala, personen konpromisoaren eta danon ahaleginagaz funtzionauko dauena, eta horixe da, hain zuzen be, ezkutuen, logotipoen, marken erakunde publiko edo pribatuen atzean dagozan erakundeetako bakotxak mobiduten dauena; horreetan guztietan, aurrera egiteko bitartekoak jarten dabizenak dagoz: familiak, komunidadea, udalerriak, eskualdea, tokikotasunetik globalera.

Danok hasi gara neurriak pentsetan, enpresen, saltokien, autonomoen, produktoreen eta mobikortasuna errazten daben zerbitzuen jarduera sozioekonomikoari eusten. Proiektu horreek natura eta ingurumena balioetsi eta turismoa eta kulturea bultzatzen ditue, geure ingurunean sortzen dagozann sektoreak dira eta horreek guztiek ekonomia sortu eta lurraldea batzen dabe nortasunaren eta barrikuntzearen bidez.

Erakundeek, udalek eta enpresek, autonomoek eta alkarteek abiarazotako neurri guztiak norabide berean doaz eta horrek sinergiak, zeharkako ekimenak eta lankidetza-proiektuak sortuko ditu, eskualdearen barruan alkarri lagunduz berreregiten lagunduko deuskuenak.

Ekintzak, banakako jarrerak, arrakasta-ereduen azpian dagoz. Pausu indibidual bakoitza ikuspegi globalagaz planifikau; identitatea berreskuratu; tradizinoa berrasmau; proiektu barritzaileei ekin, Busturialdea-Urdaibaiko ekonomiak bizi eban eztabaida eta birmoldaketa-uneko jarrerak dira. Barrikuntzearen bidetik jo behar dogu barriro, geure nortasunari eutsiz eta arlo guztietan gure onena emoten. Kalidadearen eta iraunkortasunaren alde egin behar dogu sektore guztietan.

Orain, konfinamendua amaituta, alkartasunari eta eskualdeko udalerri guztien eta Busturialdea-Urdaibain bizi garen persona guztien ardura ekintzaileari dei egiteko momentua da, ekonomia-eredu bat lortzeko. Eredu horretan, erakundeen estrategiak eta bultzadea, ekimen pribatua, udalerri bakotxaren nortasuna eta eskualde lez konpartiduten dituen zeharkako balioak bateratuko dira.

Gure betiko bizitzei eta jarduerei barriro heltzen hasi gara eta horrek izan behar dau gure lehen normaltasuna, solidarioak izatea eta gure komunidadeagaz konprometidutea, geure kale, izakera, ondare, geure kultureari bizia emoten deutsena, gure nortasuna jagon eta balioesten dauena eta, gainera, gure erakargarritasun nagusia dana. Erantzun bikaina inoiz baino gehiago ahalegin kolektiboan dago, banakako ahaleginen baturea izango dana.

Busturialdea-Urdaibai hogei bat udalerriren baturea da eta bakotxak izakera desbardinagaz egiten gaitu osogarri. Alkarregaz, lehen mailako lurraldea osotzen dogu, gure historiagaitik, gure izakera apartagaitik, gure kultureagaitik, gure nortasunagaitik eta aurrera egiteko egin dauen ahalegin eta gaitasun barritzaileagaitik. Interesa izan daigun alkar ezagutzeko eta gure dimensino guztietan oinarritzeko. Harritu egingo gara merkataritzan, kulturan, turismoan, aisialdian, gastronomian, ostalaritzan, zerbitzuetan dogun aparteko eskaintzeagaz, bertokoa konsumiduta sendotzen lagunduz. Konpromiso horregaz gabiz benetan geure alde egiten, holan urtengo dogu krisi honetatik, izan gaitezen gu geu geure motorra gure herrietako merkataritzan konsumiduta, geure zinema-aretoetara joanez, gure gastronomia sasoiko produktuekaz aberastuz, geure artistei lagunduz, barruko turismoa bultzatuz, geure museo eta aztarnategi arkeologikoetan geure historia eta nortasuna ezagutuz, geure herrietako profesionalen zerbitzuak kontratauta... Busturialdea-Urdaibain doguzan gauza on guztiak ezagutu eta gozau daiguzan, eta gu geu izan gaitezen gure eskualdeko motorra.


Atxikimenduak:

Arratzuko Udala, Bermeoko Udala, Busturiako Udala, Elantxobeko Udala, Ereñoko Udala, Foruko Udala, Gautegiz Arteagako Udala, Gernika-Lumoko Udala, Ibarrangeluko Udala, Kortezubiko Udala, Mendatako Udala, Morgako Udala, Mundakako Udala, Muruetako Udala, Sukarrietako Udala, Arrantzaleen Museoa, Azti , Bakearen Museoa, BBK Fundazioa, Bermeo Tuna World Capital, Bermeoko Kofradia, Berton, Bostale, Busturialdeko Mankomunidadea, Busturialdeko Ur Partzuergoa, Gurutze Gorria, Ekoetxea, Elkartegiak, Euskal Herria Museoa, Euskadiko Kirol Portuak, Euskal Trenbide Sarea, Euskotren, Gernikako Merkatu Plaza, Gernika-Lumoko Merkatari Alkartuak, Gernika-Lumoko Kulturetxea, Lanbide Ekimenak, Santimamiñe, Urdaibai Biosfera Erreserbea, Tourdaibai, Urremendi, Arroyabe, Arruti, Astilleros de Murueta, Berazale, Bermeoprint, UR, Bird Center, Itsasmendi Upategia, Campos, Cusumano, Ebaki, Ebepellet, Echebastar, Ferrovial, Graficas Gaubeca, LKG, Losal, Maier, Mundaka BC, Nueva Europa, Talleres de Guernica...

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu