BilbaoArtek bagilaren 1ean ekingo deutso kultur programazinoari

Bizkaie! 2020-05-29 08:02   Kulturea

Bagilean 19 proiekzino, 11 berbaldi eta erakusketa bi izango dira.

BilbaoArte Fundazinoak ateak edegiko ditu astelehen honetan, bagilaren 1ean, Damaris Panen Cuernos a la vista / Adarrak bistara erakusketeagaz, joan dan martia bertan behera geratu zana inaugurau barik. Erakusketea bagilaren 19ra arte bisitau ahal izango da aretoaren edukierearen kontrolagaz. Horren ostean, zentroak programautako gainerako erakusketei ekingo deutse, Daniel Llaríaren Holes and Poles lanagaz hasita (bagilaren 26tik garagarrilaren 24ra).

Era berean, Art House Zinema aretoko karteldegiak, edukiera mugatuagaz, Mark Cousinsen Women Make Film dokumental sailaren barruan, Costa-Gavras zuzendari greziarrari eskainitako zikloa edo Kenji Mizoguchi japoniarrari eskainitako zikloko azken filmakaz orain hile bi etendako proiekzinoen zikloak berreskuratuko ditu. Era berean, hileko lehen eta azken eguazteneko urteko zikloei be ekingo jake, Filmazpit eta Institut Françaisegaz lankidetzan.

Berbaldiei jagokenez, BilbaoArtek Francisco Javier San Martín Arte Ederren Fakultadeko (UPV/EHU) Arte Teoria eta Historia irakaslearen eskutik konfinamenduan zehar arteari buruzko berbaldia eskainiko dau bagilaren 10ean, 19:30ean. Zentroak Ikerketeagaz Topaketak izeneko urteko programeari be helduko deutso barriro, aurten bederatzigarren edizinoa izanik; 10 artistek beren aurkezpenak egingo ditue, lau saiotan banatuta, eguaztenero, 19:00etan eta streaming bidez be ikusi ahal izango dira zentroaren webgunean.

Egungo segurtasun-araudiaren arabera, aretoaren edukierea mugatu egingo da jarduera bakotxaren egunean indarrean dagoan araudiaren arabera eta nahitaez maskarea erabiliko da. Erreserbea telefonoz baino ez da egingo (94 415 50 97), erreserbea zein ekitalditarako eskatzen dan esanik, egun horretan bertan. Erreserbea 9:00etatik hasi baino ordubete lehenagora arte egin ahal izango da.

Egungo egoereak nazinoarteko egoitza artistikoen arteko trukaketa-programei eragiten deutse, izan be, hurrengo urtera atzeratuko dira, baina horreek ez dau eragozten zentroak produkzino artistikorako laguntzak eskaintzen jarraitzea, urteko hirugarren deialdia nagilaren 5era arte luzatu dauelako.

Barruko jarduereari maiatzaren 11n berrekin eutson BilbaoArte Fundazinoak bere artista egoiliarrak eta erabiltzaileak hartzen ditu dagoeneko eta erreserbapean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu