Kultur eragileentzako aholkularitza zerbitzuak 461 konsulta jaso ditu hilebetean

Bizkaie! 2020-05-28 11:57   Kulturea

Konsulta gehien izan dituan sektorea antzerkiarena (153) izan da.

Eusko Jaurlaritzeak martxan jarritako kultur eragileentzako aholkularitza zerbitzuak 461 kontulta jaso ditu orain hilebete martxan jarri ebenetik eta konsulta horreen ia erdia (% 47,5) langile autonomoek egin ditue. Konsulta gehien jasotako sektoreak antzerkiarena (153), ikus-entzunezkoena (146) eta musikearena (125) izan dira. Gainera, konsulten % 95,4 lotuta egon dira administrazinoen laguntza eta prestazinoakaz Covid 19ren krisiak kulturearen munduan izandako ondorioak arintzeko.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak kultura-arloko langileei zuzendutako aholkularitza-zerbitzu hau martxan jarri eban apirilaren 24an, Kulturklik Pro plataformearen bidez eta, gainera, kultura-sektore desbardinetako profesionalei eta eragileei zuzendutako gida bi eskaintzen dira.

Konsultak egin dituen herritarren % 47 inguru autonomoak dira eta besteren konturako langileak, barriz, ia % 25. Era berean, % 8 beste batzuen kategorian kokatu dira eta beste % 8 soziedade mugatu lez. 'Beste batzuk' kategoriaren barruan dagoz azken hilebeteetan ezelako diru-sarrerarik izan ez daben personak, inoren kontura edo autonomoen erregimenean kotizetan ez dabenak eta arazo gehigarriak izan leikiezanak (etxea ixtea).


Sektoreak

Antzerkia (% 33), ikus-entzunezkoa (% 32 inguru) eta musikea (% 27) dira sektore nagusiak. Nabarmen atzerago dagoz arte bisualak (% 11,9), jantzea (% 11, 5) eta liburua eta literaturea (% 6,9). Kulturearen balio-kateari jagokonez, honako honeek dira erreferentziatuenak, hurranez hurran: sorkuntzea (% 56), produkzinoa (% 35), erakusketak (% 24) eta prestakuntzea (% 22).

Konsulten arrazoi zehatzei jagokenez, gehienek laguntzak eta prestazinoak izapidetzeagaz dabe zerikusia (% 95), eta duda ohikoenak Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergearen epigrafeen ingurukoak dira (% 26,5), laguntza-lerroen bateragarritasunaren ingurukoak (% 23,5) edo, beste barik, kulturarako laguntza espezifikoei buruzko informazino orokorra eskatzen da (% 19,1). Azken astean, konsulten % 73k zerikusia izan dabe Eusko Jaurlaritzeak kulturako langileei eskainitako laguntzakaz.


Hizkuntzea eta generoa

Kontsultak bideratzeko erabilitako hizkuntzeari jagokonez, % 34k konsultea euskeraz kudeatzeko eskatu dabe eta % 66k gaztelaniaz kudeatzeko. Generoari erreparauta, zerbitzuaren funtzionamenduko 5 asteetan, konsulta horreen % 48 gizonek egin ditue, eta % 46 emakumeek.

Azkenik, konsulten jatorriari erreparauta, konsulten % 49 Bizkaian lan egin edo bizi diran personek eta erakundeek bialdu ditue; konsulten % 38 Gipuzkoatik heldu dira. Konsulten % 12 inguru Arabatik egin ditue. Laugarren eta bosgarren asteen artean, behera egin dabe, Bizkaiko eta Gipuzkoako agenteek egindako konsultek, eta gora, barriz, Arabakoak.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu