Bilboko Euskal Museoak eta Berreginen Museoak bagilaren 3an edegiko ditue ateak

Bizkaie! 2020-05-28 09:29   Kulturea

Museo bietan sartzea doban izango da eguenetan.

Ateak pasa dan martian zarratu zituen, alarma-egoereagaz batera. Orain, jarduerara bueltauko dira, deskonfinamenduaren 2. faseak ezartzen dauen araudiari jarraituz.

Edukierea % 50ekoa izango da eta bisitariak bere maskarea eroan beharko dau sartzeko. Gainera, bisitea hasi aurretik gelagaz eskuak garbitzea derrigorrezkoa izango da eta tenperaturea hartuko jake museora joaten diran guztiei. Tenperaturea 37º-tik gorakoa bada, persona horrek ezin izango dau instalazinoetan sartu eta osasun zerbitzuakaz hartu-emonetan jartea gomendatuko jako. Distantziari jagokonez, bisitariak gitxienez 2 metrora egon beharko dira bisita osoan.

Bestalde, Euskal Museoak eta Berreginen Museoak garbiketa eta desinfekzino lanak indartu ditue, egunean hainbat aldiz egin daitezen. Jendeari arreta ematen deutsen langileek babes-ekipamenduak ditue: maskarak, pantailak, eskularruak, garbiketa-gelak eta manparak. Langile horreek arduratuko dira areto bakotxeko edukierea kontroleteaz eta bisitariei museoaren barruko fase honetako araudi guztiaren barri emoteaz. Igongailu eta komunetan persona bakarreko edukierea errespeteteaz be arduratuko dira.

Horrezaz gan, bisitarientzako informazino-kartelak dagoz museoan, jarraitu beharreko araudia, sarrerako lerroan izan beharreko distantzia eta bestelakoak jasoko dituenak.

Fase honetako aldaketetako bat museo biek edegiteko ordutegia da, izan be, hemendik aurrera, 11:00etan edegiko ditue ateak, normalean baino ordubete aurreragoo. Publikoarentzako ordutegian murrizketa txiki hori egiteko arrazoia da garbiketa-lanak indartu egin dirala eta denpora gehiago behar dala emoitza zorrotzena lortzeko.

Bestalde, sarrerearen arloan, bagileko eguenetan doban izango da eta neurri horren helburua da hiru hilebetez formatu digitalean bai baina aurrez aurre erakutsi ezin izan dituen kultura eta kultur espazioak sustatzea. Esangura horretan, papelezko liburuxka guztiak, audiogidak, ukututeko pantailak eta museoetako argitalpenak kendu egin ditue; horreen ordez, bertaratzen diranek informazino hori guztia museoaren webgunean izango dabe eskuragarri bagilaren 3tik aurrera. Neurri horren bidez, ahalik eta gehien ebitau nahi da azalerakaz eta elementuakaz kontaktua izatea.

Fase honetan, museoaren bisita librea eta bisita gidatua izango dira baimendutako jarduera bakarrak.Kasu bietan, bakarka edo taldean egin beharko da eta metro biko tartea itxiko da (sekula ez da izango 10 persona baino gehiago talde berean). Aukera bi horretan ibilbide seinaleztatuak dagoz eta bisitari guztiek jarraitu beharko ditue, izan be, bisitarien trafikoan ordenari eusteko be balioko dabe.

Bisitea librea bada, sarrerak ordaintzeko kreditu-txartela erabiltea sustatuko da. Garagarrilean jarriko da martxan neurria, bagilean bisitariak doban sartuko diralako. Bisita gidatua egin nahi bada, aldez aurretik eskatu beharko da museora deituta.

Jarduera horreetatik kanpo ezin izango da jente asko bertaratzea dakarren bestelako jarduerarik egin. Museoaren beraren inaugurazino edo aurkezpenen bat egiten baldin bada, auditorioek heren bateko edukierea izango dabe eta higiene-segurtasuneko neurri guztiak errespetauko dira.


Euskal Museoa

Euskal Museoak beste hiru neurri aplikauko ditu: Unamuno plazatik banino ez dira sartuko bisitariak eta momentuz Gurutze kaleko sarrera zerbitzuz kanpo geldituko da, edukierearen kontrol zorrotzagoa egiteko.

Ordutegiari jagokonez, zapatuetan ordutegi jarraituan edegiko da, orain arte 13:30etik 16:00etara ateak zarratzen zituen.

Amaitzeko, erakundearen 3. pisua, Bizkaiko Maketa eta Bilboko Konsulatuaren Aretoa batzen dituana, zarratuta egongo da. Egun, Museoa barrikuntza lanetan dabil, baita bildumea kanpoko biltegi batera lekualdatzea be, hobeto konserbau daiten. Beraz, pisu hori lan-eremu lez erabiliko da datozen hileotan.

Barriro edegiteak erakusketa iraunkorrez gozetako aukerea emongo dau espazio bietan. Euskal Museoak aldi baterako erakusketa bi ditu gaur egun: Anthology”, gizonezkoen barruko erropearen modearen azken 30 urteetan egindako ibilbidea, Manuel de Gotor diseinatzaile bilbotarraren eskutik, eta Gorreri bisuala; azken honek arte garaikidea dakar eta publikoa hizkuntza aniztasunaz kontzientziau nahi dau, arte plastikoen ikerketea bilakatzeko euskerea erabiliz.

Bestalde, Berreginen Museoak Altxor Elektrikoak izeneko aldi baterako erakusketeagaz jarraituko dau. Garai inperial erromatarreko piezen handitasunaz gozetako aukerea emoten dau, zehetasunen eta ornamentazino irudimentsuen bidez.

Alarma-egoeran zehar museoa publikoari zarratzeak eragina izan dau aldi baterako erakusketetan eta Euskal Museoak eta Berreginen Museoak horreen epeak luzatzea erabagi dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu