2020ko Getxo Jazz, bertan behera

Bizkaie! 2020-05-28 09:03   Kulturea

Folk Jaialdia, Komiki Azokea eta San Lorentzo Azokea be ez dira egingo.

Hasieran iragarritakoaren kontra, Cyrille Aimée eta Ron Carter ez dira Getxora etorriko. | Ikusi handiago | Argazki originala

Covid-19ak eragindako larrialdi egoerea eta leku itxietan zein aire librean jarduerak mugatzeko erispideak aztertuta, Getxoko Kultur Etxeak hurrengo asteetako egitaraua bertan behera ixtea erabagi dau. Gitxienez irailaren 15era arteko ekitaldiak ez dira egingo, eta fetxa horren osteko beste batzuk be ez. Hortaz, Getxo Jazz jaialdiaren 44. edizinorako egindako prestakuntza guztiak ezebezean geratu dira.

Getxoko Udalaren arabera, erabagia hartzeko hiru arrazoi nagusi egon dira: Jaialdia ezin da egin aurreikusitako baldintzetan; antolakuntza eta produkzino lanak jarduera etenaldiaren barruan dagoz; eta, azkenik, gune publikoen erabilerea mugatuta dago.

2020ko edizinoaren kartela zehazten hasita egon da Getxoko Nazinoarteko Jazz jaialdia. Garagarrilaren 1etik 5era, dobako eta ordainpeko kontzertu ugari aurreikusita eukiezen, Muxikebarri aretoan, Algortako Geltokia plazan eta Musika Eskolako Kristalezko Kioskoan. Atzerriko izar handien artean, Ron Carter eta Cyrille Aimée ekartea adostuta eukien antolatzaileek.

Jazzaldiaren antzeko arrazoiakaitik, abuztuaren 10eko San Lorentzo eguneko azoka tradizionala be bertan behera itxi behar izan dau Getxoko Udalak. Jente ugari eta baserritarren produkturik onenak topau leitekez urtero egun horretan, baina aurten ezin izango da.

Bertan behera lagatako udako beste jarduerak Nazinoarteko Folklore Jaialdia, Habanera Jaialdia, Getxo Magik eta Letren Terrazak dira, baita Muxikebarriko hitzordu batzuk be. Era berean, irailaren 15a baino geroagokoak diran arren, 36. Nazioarteko Folk Jaialdia (irailak 25-27) eta 19. Komiki Azokea (urriak 2-4) be ez egitea erabagi dabe, osasun larrialdiak eragindako zalantzakaitik.

Kulturearen sektorea bultzatzeko eta herritarrak animetako asmoz, Kultur Etxea udako programazino alternatiboa antolatzea aztertzen dabil, osasun-egoereak horretarako modua emoten badau eta agintariek zehaztutako osasun-baldintzak eta urruntze soziala bermatzeko aukerea badago.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu