Basque Culinary Center-ek eskerrak emon deutsee osasungintzako langileei

Bizkaie! 2020-05-27 13:17   Jan edanak

Irailean, zentroko ikasleek egindako 1.000 menu izango ditue aukeran.

Azken hileotan osasungintzako langileek egin daben ahalegin handiaren jakitun, Basque Culinary Center-eko kideok eskerrak emon deutsee COVID-19aren kontra burrukan ibili diran osasungintzako profesionalei, egindako lan handiagaitik. Horretarako, irailean, 1.000 bazkari kozinauko doguz osasungintzako langileentzat, doban, Basque Culinary Center-en.

Gure ikasleentzat oso berezia izango da ikasgeletara itzultzea eta gure areto eta sukaldeetatik osasungintzako langileen jarduna txalotuz hasteak ahaztezin bihurtuko dau buelta hori. Danetara, 1.000 menu eskainiko ditue, Gastronomia eta Sukaldaritza Arteen Graduko 2. eta 3. mailako ikasleek eginak. Menuak irailaren 3tik 25era eskainiko dira, fakultadeko gune gastronomikoetan. Ekimen hori ikasleen prestakuntza programearen parte izango da, aukera ezin hobea aretoan eta sukaldean ikasitako guztia benetako bezeroen aurrean praktikan jarri eta, aldi berean, bezero horrek azken hileotan egin daben lan handia eskertzeko.

Bazkariak astelehenetik barikura eskainiko dira, 13:15etik 14:15era eta bagilaren 1etik aurrera egin ahal izango dira erreserbak, Basque Culinary Center-en webgunearen bidez, Jatetxe-zerbitzua atalean. Erreserban, izena, postua, unidadea eta lantokia adierazo behar dira. Erreserbak banaka edo taldeka egin daitekez eta lankideak be sartu ahal izango dira bertan. Interesa daben osasungintzako langileek menu bi izango ditue aukeran: dastaketa-menua, graduko 2. mailako ikasleek egina; hiru snack, hiru tapa, arrain-plater bat, okela-plater bat, postrearen aurrekoa, postrea eta petit fours izenekoak izango ditu. Hirugarren graduko ikasleek egindako menuak, barriz, gosegarriak, hasierako platera, arraina, okelea eta postrea izango ditu.

Basque Culinary Center-en, ikasleen prestakuntzea online-eredura egokitu dabe eta aurrez aurreko prestakuntza-tailerrak irailean hasiko dira. Inoiz baino ilusino eta maitasun handiagoagaz egin gura dogu hori, gu geu eta gizarte osoa jagon daben osasungintzako langileei zeozelan eskerrak emoteko. Bizi dogun egoerea aurrekaririk bakoa da mundu osoan; Basque Culinary Center errealidade horren jakitun da, baita krisi-garaietan bete behar dogun rolaren jakitun be. Gure fakultadeak eta gastronomiako zentro teknologikoak personen espiritu ekintzailean, barrikuntzan, pasinoan, bikaintasunean eta konpromisoan oinarritu dau bere garapena. Nazino-irismena dauen ekimen hau ezinezkoa litzateke honako marka honeen laguntza barik, besteak beste: Eroski, COVAP, Martiko, Mahou-San Miguel, Bacalao Giraldo, Bodegas Valdemar, Insalus eta Cafés Baqué.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu