Ibilaldia sareetan ospatuko dabe domekan

Bizkaie! 2020-05-27 11:56   Euskerea berbagai

Webgunean saio berezia ikusi ahal izango da.

Maiatzaren 31n, domeka honetan, zan egitekoa 2020ko Ikastolen Ibilaldia, Elorrion. Covid-19ak eragindako osasun larrialdiagaitik, urriaren 18ra atzeratu dabe hitzordua, baina maiatzeko azken domekea beti izan danez Ibilaldiaren eguna, aurten be ez dabe ahaztu nahi izan. Sareen bidez, Ibilaldi alternatiboa antolatu dau Txintxirri Ikastoleak, Hel horri lema nagusiaz gan, Hel Ibilaldiari eta Hel egunari erabilita.

Urte osoa beharrean pasau dabe Elorrion, maiatzaren 31 egun berezia izan daiten. Babesle, laguntzaile eta hornitzaileakaz ibili dira jo eta ke, egitarau potoloa atontzen, eta horreei guztiei zeozer egitea zor deutsiela uste dabe antolatzaileek. Urriko jai nagusiaren aurrekari, beraz, indarrez eta gogoz helduko deutse maiatzaren 31ri.

Ibilaldiaren webgunean ikusi ahal izango da ordu bi inguruko ospakizun berezia, 11:00etan hasita. Besteak beste, musikea, bertsoak, magia eta jantzea egongo dirala iragarri dabe. Txintxirriko ikasle, irakasle, guraso eta beharginek hartuko dabe parte, eta beste ikastola batzuetako kideak be euren ekarpenak bialtzera animau dira. Jente ezaguna agertuko dala be aurreratu dabe.

Ibilaldiak, Ikastolen Alkartearen beste jaiakaz batera, arduraz eta erantzunkizunez jokatzea erabagi dau, era horretako ospakizunetan egoten diran jente piloketak kontuan hartuta. Baldintza seguruetan egin nahi dogu Ibilaldia, sormena landuz eta alkarlanean, adierazo dabe. Horregaitik, maiatzaren 31ko jaia online izango da, eta urrira itxaron beharko dogu Elorrion batzeko. Kasu horretan be, momentuko osasun egoereak aginduko dau Ibilaldia egin leiteken ala ez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu