Artium Museoak bagilaren 2an edegiko ditu ateak

Bizkaie! 2020-05-26 13:25   Kulturea

Baliabide digitalak eskainiko ditue, audiogida eta liburuxken ordez.

Ordutegi jarraitua izango dau Gasteizeko Artiumek, eguerdian be zabalik egongo da eta eguazten eta domekatan Zeuk nahi dozuna tarifea aplikauko da, bisitea errepetidu deien bultzatzeko.

Museoa, behin eta barriro bueltetako lekua, uda honetarako herritarren ohituretan integrauta. Maskarea nahitaezkoa izango da eta garbiketa neurriak zorrotzak izango dira konpartidutako eremuetan, komunetan, igongailuetan, barandetan eta ateen heldulekuetan arreta berezia jarriz.

Gema Intxausti, Juan Luis Moraza eta Elena Mendizabal artisten erakusketeak eta 70, 80 eta 90eko hamarkaden inguruko Bildumearen erakusketa zabala (Zeru bat, hamaika bide) bisitarien zain egongo dira uda honetan, barriro bisitan joatea aukerarik onena da mezuagaz batera.

Bisitak ahalik eta gehien errazteko asmoz, Artium Museoko erakusketa aretoak ordutegi jarraituan egongo dira zabalik, martitzenetik barikura 13:00etatik 19:00etara eta zapatuetan eta domekaan 12:00etatik 19:00etara. Gogoan izan behar da, gainera, 14 urtez azpikoek ez dabe sarrerarik ordaintzen eta pensinodunek, ikasleek eta lanbakoek be tarifa hori bera dabe.

Barruko Plazan dagoan Museoko Lorategia izango da sarrera nagusia, eta harrera eta deskantsu gune lez funtzionauko dau Museoaren bisitaldietan. Lorategiak —espazio publikoa integrau eta ingurunea bizibarritzeko Artiumen apustu jasangarria— beharrezko espazio-baldintzak beteten ditu, gizarte-distantziari eustea ezinbestekoa dan momentu honetan. Gainera, Artiumek udako hileetarako atondutako talde txikientzako bisiten eguneroko programa barrirako topagunea izango da. Lorategitik abiatuta ibilbide tematiko batzuk izango dira, Museoan ikusgai dagozan artelanen bidez, haren lan eta ikerketa-arloetako batzuk ezagutzeko aukerea emongo dabenak, gaur egungo arazoak eztabaidatzeko espazio publiko legez: feminismoa, aniztasuna eta ondarearen konserbazinoa, besteak beste.

Bestalde, Artium Museoak sendotu egingo dau azken hile biotan intensidade handiz jorratutako onlineko jardueren aukerea. Loturak —hainbat edade-tartetarako bideo formatuko hezkuntza-lantegiak (dagoeneko dozena bat inguru plazaratu dira), edo Bilduma baterako hashtagak —arte garaikideagaz eta Museoko bisitariakaz lotutako personek Bildumako lanak bideoan komentauta eginak— aldizka argitaratuz joango dira Museoaren web-orrian eta sare sozialetan.

Era berean, erabiltzaileei bisitarako emoten jakezan informazino-elementu guztiak be online egongo dira eskuragarri: esku-papelak, agendak eta audiogidak, besteak beste. Museoko erakusketei eta artelanei buruzko informazinorako sarbide digitala gailu mobikorren bidez irakurri daitekezan QR kodeen bidez egingo da. Wifi bidez Interneterako konexioa izango dabe bisitariek.


Osasun-prebentzinoko neurriak

Bestalde, berehala izango dan edegierearen aurrean, Artium Museoak neurri osogarri batzuk ezarri ditu instalazinoen higiene-kalidadea ziurtatzeko. Alde horretatik, beste ekintza batzuen artean eta maskara erabiltzearen derrigortasunaz gan, Museoak indartu egingo dau erabilera komuneko gune eta elementuen garbiketea, komun, igongailu, baranda eta ateen heldulekuena, besteak beste. Eraikinera eta komunetara sartzeko ateak edegita egongo dira eta gel hidroalkoholikoaren banagailu elektronikoak jarriko dira eraikinetik igaroteko puntu estrategikoetan: Sarrera nagusietan, komunetan, baranda-guneetan eta Atari aretoan. Gainera, jentearen arretarako erakusmahaiek manpara isolatzaileak izango ditue.

Museoa erabiltzaileentzako osasun eta segurtasun-berme handienakaz barriro edegiteko protokoloak azpimarratzen dau komenigarria dala publikoaren konplizidadea izatea, neurri horreen eraginkortasuna eta, aldi berean, bisitaz gozetea bermatzeko. Museoetarako gomendio orokorrei jarraituz egin dira jarraibide horreek, baina eraikinaren eta Artiumeko programearen baldintzetara egokitutako neurri gehigarri batzuk erantsi jakoz. Hori guztia etenbarik barrikusiko da eta prozeduran hobekuntzak sartuz joango dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu