Euskerearen normalizazinoan 'salto sendoa egiteko sasoia'

Bizkaie! 2020-05-26 12:03   Euskerea berbagai

Topaberri aldizkariaren 67. zenbakian plazaratu dau gogoetea Topalabe taldeak.

Euskaraldia eta antzeko ekimenak beharrezkotzat jo ditue txostenean. | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskaltzaleen Topaguneak martxan jarritako Topalabe taldeak gogoeta sakona egin eban 2019an, euskerearen bizibarritzean gaur egun dagozan erronkak aztertu eta aldatu beharreko eremuak identifiketako. Ondorioak Berrindartu eta jauzi izeneko testuan batu ditue, eta Topaberri aldizkari digitalaren 67. alean argitaratu (irakurri hemen).

Berez, urtarrilean amaitu eben gogoetea, eta martirako prest egoan jentaurrean aurkezteko. Baina, momentu haretan bertan, Covid-19 izurria heldu zan Euskal Herrira, eta horren ondoriozko konfinamenduak eta alarma egoereak euskereari be eragingo eutsela pentsaurik, Topalabeko kideek erabagi eben Covid-19agaz lotutako sarrera gehigarri bat idaztea. Gogoeteak ez dau gaurkotasuna galdu, baina errealidade barria aintzat hartzea beharrezkotzat jo dabe.

Honeek dira Topalabeko kideak: Karmelo Aiesta, Kike Amonarriz, Xabier Erize, Mikel Irizar, Elena Laka, Iker Martinez de Lagos, Iñaki Martinez de Luna, Jasone Mendizabal eta Jon Sarasua.

Berrindartu eta jauzi izenburuak dinoan legez, Topalabeko kideek uste dabe euskerearen normalizazinoan salto sendoa egiteko momentua dala honako hau. Batez be, lehentasuna alor bitan dagoala azaldu dabe: Lan munduan eta eremu ez-formalean. Orain arte ezagutzearen hazkundean egindako ibilbidea osotzeko, erabileran jauzia egitea eta euskerea Unescoren atlaseko hizkuntza zaurgarrien zerrendatik ateratea jo dabe helburutzat.

Era berean, Topaberrin argitaratutako agirian, Topalabeko kide batzuek bakarka egindako gogoetak be sartu ditue, eranskin legez, aitatutako Covid-19aren inguruko sarreraz gan. Hortaz, gaur egungo euskalgintzearen egoerea ezagutu eta, batez be, aurrera begirako erronkak zehazteko tresna baliotsua eskaintzen deutso Topaguneak gizarteari.

Orain dala bost urte Berrikasi eta berrikusi izeneko gogoetea plazaratu eban Topalabek, euskalgintzako eragileen artean hausnarketea bultzatzea helburu. Urteotan, txostenean jasoten ziran gogoetek bidea egin dabe, eta hurrengo pausua da orain plazaratutako Berrindartu eta jauzi.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu