BerdinGO!-gaz olgetearen bidez bardintasunaren balioa lantzea da asmoa

Bizkaie! 2020-05-26 11:45   Pil-pilean

Harrobiako ikasleek bardintasuna sustatzeko euskerazko mahai-joko didaktiko eta inklusiboa sortu dabe.

Bilboko Harrobiako Lanbide Heziketako marketin eta publizidadeko ikasleek BerdinGO! izeneko euskerazko mahai-jokoa sortu eta merkaturatu dabe; 8 urtetik gorako umeei zuzenduta dago eta helburu nagusia genero bardintasuna sustatzea da, hori dala eta, BerdinGO!-ren lemea: Lanbideak bardinduz. BerdinGO!-ko partaideek, txikienek olgetearen bitartez bardintasuna eta inklusibidadea lako gaiak barruratzea lortu nahi dabe, izan be, mahai-jokoa etxean zein eskolan erabili daiteke eta gainera erabiltzaileek euskerea erabilteaz gan ingelesa be landu leikie. Mahai-jokoa gehiago ezagutzeko ikasleek sortutako BerdinGO! web orrialdea bisitau edo Instagram, Facebook eta Twitter kontuak arakatu daitekez. Webgunean jokoa doban deskargetako aukerea dago hemen

Horrezaz gan, jokoaren azalpena eta itxurea Youtube kontuan ikusi daiteke.


Ideak errealidade bihurtzen: iruditegi inklusiboan lanean

BerdinGO!-k urtebete baino gehiagoko ibilbidea izan dau mahai-jokoaren lan prozesuan. Harrobiako marketineko ikasleek, Design thinking metodologia erabiliz, erabilltzaileen beharrak aztertu ditue, zelan olgetan dabe umeek? Ze ezaugarri ditue gure mahai-jokoaren erabiltzaileek? moduko galderei modu sortzailean erantzuna emonez. Horrezaz gan, mahai-jokoen sektorean bete-betean sartzeko Bizkaiko Urtxintxa Eskolako arduradunakaz berba egin eta, ikerketea eginda, mahai-jokoen prototipoak Bilboko eskola ezbardinetan probau ditue. BerdinGO! errealidade bihurtu dabe diseinu grafikoko programa profesionalak erabiliz eta fase honetan, mahai-jokoaren ikonografiari zehaztasun handia emon deutse, ikonografia inklusiboa lortzea izan baita ikasleen erronketako bat. Marina Azkarragak, Harrobia Ikastolako marketin ikasleak nabarmendu dauenez, 'Umeentzako ikonografia eta iruditegi erabilterraza sortzeaz gan, irudi inklusiboak landu ditugu, genero, arraza eta itxura anitz irudikatuta dagoz BerdinGO! mahai-jokoan'.


BerdinGO ekintzailetzearen eta euskera digitalaren bidean

Harrobiako marketineko ikasleak ekintzaile bihurtu dira genero bardintasunean oinarritutako euskerazko mahai-joko honi esker eta dagoeneko lehenengo bezero eta salmentak izan ditue: Alde batetik, Bilboko eskoletan egindako salmenta sareei esker eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzeak, TKNIKAren bitartez, antolatzen dauen gazteen artean kultura ekintzailea sustatzeko Eibarko Ikasenpresa azokan parte hartuz. Bertan, BerdinGO!-k bere lehenengo salmenta puntu fisikoa lortu dau: Twins dendea. Gainera, PuntuEUS Fundazioak gazteen euskerazko eduki digitalen sorkuntzea sustatzeko atondutako Kaixomundua lehiaketan parte hartu dabe BerdinGOren webgunea eregiz. Yaiza Garciak, Harrobiako marketineko ikasleak, dinoanez, 'BerdinGO! ez da mahai-joko bat bakarrik, BerdinGO! euskerea, bardintasuna, gizartea, heziketa eta balioen irudia be bada. Etorkizun hobeagoa eregi gura dauen mahai-jokoa da'.


Harrobia Ikastolea

Harrobia Ikastoleak Lanbide Heziketako Zentroa ETHAZI izeneko etekin handiko zikloen eredua darabil. Ikaskuntza hau erronka eta proiektu errealetan oinarritzen da, esaterako, Nuclear Corps Play Station bideo-jokoaren sormena eta garapena 3D eta Bideo-jokoak goi mailako tituluko ikasleen eskutik, Zaharkitze Aktiboa, edadekoentzako programa aktiboa dana, Egokitzapen Fisikoko goi mailako zikloko ikasleen eskutik edo Software Bildumea, Mikroinformatika Sistemen eta Sareen Erdi Mailako zikloko ikasleek eskutik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu