DouleurDolor da BBK Soinu Barriak 2020ko irabazlea
2020-05-26 09:07 MusikeaLezamako bikoteak trap eta rap estiloen inguruko esperimentazino musikala dau gustuko.
Ez da izan antolatzaileek eta parte-hartzaileek nahi izan daben modukoa, Covid-19agaitik, baina BBK Soinu Barriak lehiaketea aurrera eroatea lortu dabe, behinik behin. Bizkaiko musikari eta talde barriei bultzadea emoteko sariketearen bigarren edizinoa amaitu da, zuzeneko emonaldi barik, eta DouleurDolor bikotea irabazle dala. Bigarren Nize izan da, eta hirugarren, Guebato.
Zuzeneko kontzerturik ezin izan danez antolatu, osasun larrialdiagaitik ezarritako mugak dirala eta, beste formatu batera jo dabe 2020ko edizinoaren antolatzaileek: Sare sozialetan ikusi ahal izan dira parte-hartzaileen bideoak, eta zaleek zein epaimahaiak balorazinoa egin ahal izan dabe. Izena emondako talde guztien artean, Mi Buenaventura, Jean Paolo y la Siempreviva, Instituto de Vandalismo Público, Nize, Guebato eta DouleurDolor pasau dira azken fasera.
Epaimahaian honeek egon dira: Rubén Tena (Last Tour), Koldo Bilbao (BBK Fundazinoa), Deu Txakartegi (musikaria eta Soinu Barriak-en zuzendaria), Jon Aguirrezabalaga (Estudios El Tigre) eta Iker Bárbara (Zarata-Mondosonoro). Sari nagusia DouleurDolor bikoteari emotea pentsau dabe, botazino estuan: Irabazleek 189 boto eskuratu ditue, Nizek 180 eta Guebatok 175.
Gómez Selva eta Mahok lezamarrak dira DouleurDolor bikoteko kide biak, lehenengoa artista bisuala eta bigarrena produktore musikala. Ibilbide profesional desbardinak izan arren, antzeko asmoak ditue musikan, eta DouleurDolor proiektuan bat egitea pentsau dabe. Trap eta rap estiloen inguruan esperimentazinoan ibilten dira, pop, tekno eta elektronika doinuak be tartekatuta.
BBK Soinu Barriak lehiaketea irabazteagaitik, BBK Live edo BIME jaialdietan joko dau DouleurDolor-ek, lau piezako diskoa, zuzenekoa eta bideoklipa grabeteaz gan. Nize bigarren sailkatuek disko laburra eta bideoa grabauko dabe, eta Guebato hirugarrenei be diskoa grabetako aukerea emongo deutse antolatzaileek.
Kontratu diskografikorik bako eta Bizkaian gitxienez kideetako bat erroldauta daukien talde edo bakarlarientzako lehiaketea da Soinu Barriak. Era horretara, bertoko talde barriei plazan agertzeko aukerea eta ikusgaitasuna emotea da antolatzaileen helburua. Aurten, Covid-19a dala eta, plaza fisikorik ez da egon, baina sareen bidez zabaldu dabe parte-hartzaileen lana.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!