Gurasoen burukomin handiena: adinbakoak ezezagunakaz hartu-emonetan jartea

Bizkaie! 2020-05-22 11:37   Pil-pilean

Familia digitaletan seme-alabakaz sortzen diran astrapala ohikoenak barrubatu ditue.

Nazinoarteko EU Kids OnLine behatokiak umeek Internetegaz dituen hartu-emonak ikertzen dituanak ikerketa bat argitaratu barri dau, familia espainiarrek Interneten erabilerearen gainean dituen ohiturak, gaitasunak, ezagutzak eta ardurak aztertzeko.

Ikerketearen arabera, guraso espainiarrek euren umeen gainean dituen ardura nagusiak ondokoak dira: ezezagun bat umeakaz hartu-emonetan jartea (% 79), eskola errendimendua (% 7 8), beste adinbako batzuek tratu desatsegina emotea (% 77), Interneten eduki desegokiak ikustea (% 71), osasuna (% 70) eta informazino personala konpartidutea (% 68).

Mehatxu horreen aurreko egiazko arrisku pertzepzinoa oso txikia da baina % 10ek (9-12 urtekoetan) eta % 21ek (13-17 urtekoetan) bakarrik uste dabe ezezagun bat euren umeagaz kontaktuan jarriko danik egiatan; beste hainbeste jazoten da online bullyinga jasoteko arriskuaren gainean; pertzepzinoa errealismo gitxikoa da ikertzaile taldearen eretxiz, izan be, ezezagunak dira edo gitxietsi egiten dira txikienen disgustu edo ondoez egoerak eta, era berean, handietsi egiten dira helduak jazoera desatseginak dirala kausa egiatan deseroso edo kaltetuta sentiduten diran aldiak.

Ingurune digitaletik kanpo, 13 eta 17 urte arteko nerabeen gainean arduratuago dagoz guraso espainiarrak 9 eta 12 urte arteko umeen gainean baino. Batez be, nerabeek alkohola edo droga konsumiduko daben arduratuta dagoz (% 62), eta sexu jarduerakaz be bai (% 53).

Seme-alabek Internet erabilteak sortzen deutseen dudei aurre egiteko laguntza eskatzeari jagokonez, gurasoen erreferente nagusia eskolea da; gero datoz familia eta lagunak. Gurasoek, oro har, administrazinoaren eta industriaren esku hartzea handiagoa izateko eskatzen dabe.

Gurasoek euren adinbakoen gainean daben kontrolari erreparauta, ikerlanean, estrategia gaitzaileak, Interneti zelan aurre egin azaltzekoak eta murriztaileak, berariazko debekuenak, bereizten ditue. Lehenengoetan, ikerketeak gurasoen burukomin honeek nabarmentzen ditu: seme-alabei webgune jakin batzuen egokitasuna azaltzea (% 63), Interneten egiten berba egitea (% 60), sarea erabilteko era seguruak aitatzea (% 57), sareko zerbaitek enbarazu egiten deutsenean laguntzea (% 52) edo merkataritza jardueren gainean azalpenak emotea (% 51). Halan da be, gitxi dira seme-alabak
Internetera konektetan diranean hareen alboan dagozala dinoenak (% 39).

Murriztaileen kasuan, ardura nagusiak ondokoak dira: adinbakoen pribatutasuna, zelan debekatu ordenagailuaren edo mobikoraren kamerea erabiltea, bideoak, argazkiak, etab. online konpartidutea (% 30 eta 33 artean), deskargetan dituen aplikazinoak (% 35), edukien kontrola (% 33), web edukiak blokeau edo iragazteko gurasoek kontroleko programak erabiltea (% 35) eta jardueren jarraipena egitea (% 29).

Txostenak familia digitaletan seme-alabakaz sortzen diran liskar ohikoenak barrubatzen ditu; hiru dira kausa nagusiak; konektauta igarotako denporea (% 58), etxeko lanak egitea (% 48) eta oheratzeko ordua (% 45).

Seme-alaben argazkiak, bideoak edo mezuak sare sozialetan konpartiduteko ohiturea (sharentinga) ez dago oso zabalduta familia espainiarretan: gurasoen % 3k besterik ez dabe autortzen seme-alaben eduki digitalak konpartiduten dituela; % 9k gitxienez astean behin konpartiduten dabe holakorik; eta gehienek (% 89k), hilean behin. Ia guztiek (% 95ek) dinoenez, horren arrazoia familiakoakaz eta lagunakaz hartu-emonetan egotea da. Halan da be, oso gitxi dira prebentzino neurriak hartzen dituenak edo bialtzeko baimena eskatzen dabena: % 14k dinoe ez dabela semearen edo
alabearen arpegia argi ikusten ixten argazkietan eta % 24k baimena eskatu dabela dinoe, seme-alabei buruzko eduki digitalak argitaratzeko garaian. Alabaina, gurasoen % 8k ez dabe ondo hartu seme-alabei buruzko informazinoren bat online argitaratzea.

Ikerketea Universidad del EHUko EU Kids Online Spain ikerketa taldeak egin dau, SIC-Spain Europako proiektuak finantziauta eta INCIBEren (Espainiako Zibersegurtasuneko Institutua) laguntza instituzionala izan dau, enpresen, herritarren eta adinbakoen zibersegurtasuneko erakunde erreferentea dan aldetik, adinbakoen Interneteko Segurtasunaren Espainiako Zentroaren bitartez (IS4K).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu