XXI. Konpositore Gazteen Saria martxan

Bizkaie! 2020-05-22 10:06   Musikea

Bide telematikoz aurkeztu ahal izango dira obrak 2020ko irailaren 10era arte.

XXX. Konpositore Gazteen Saria SGAE Fundazinoa-CNDM 2019ko lau finalistak, José Ramón Encinar orkestra zuzendariagaz, epaimahai kideakaz eta erakundeetako ordezkariak. Copyright: Luis Camacho / SGAE Fundazinoa | Ikusi handiago | Argazki originala

SGAE Fundazinoak eta Musika Zabaltzeko Zentro Nazionalak (CNDM) SGAE Fundazinoa - CNDM 2020 Konpositore Gazteen XXXI. Sariaren deialdia aurkeztu dabe. Musikako profesionalen artean finkatuta, deialdi honen helburua konpositore gazteen artean musika klasiko garaikidearen esparruan sorkuntzea bultzatzea da eta gizarte-garapenean laguntzea, bide batez, musika-lengoaia, jokera eta adierazpide barriak ezaguturazoz.

Musika garaikidearen barruan edozein jokera estetiko musikala daben munduko herrialde ezbardinetako konpositore guztiek parte hartu ahal izango dabe, baldin eta deialdia zarratukeran 35 urte baino gitxiago baditue eta SGAEko bazkideak badira. 2017tik aurrera deitutako edizinoetan lehen saria jasotako idazleek ezin izango dabe parte hartu.

Lanak nahitaez argitarabakoak izan beharko dira, egile bakarrekoak, zazpi eta hamabi minutu arteko iraupenekoak, eta gitxienez bost interpretez eta gehienez bederatziz osotutako talde instrumentalera egokitu beharko dira. Lehiakide bakotxak lan bakarra aurkeztu ahal izango dau.

Partiturak aurkezteko epea 2020ko irailaren 10era arte da. Partiturak posta elektronikoz bialdu beharko dira smoralg@fundacionsgae.org helbide elektronikora, egilearen hartu-emonetarako datuakaz batera.

Musikagintzearen aditu ezagunez osotutako epaimahai batek, danetara, 11.700 euroko saria jasoko daben lau lan finalistak aukeratuko ditu. Horrezaz gan, JM Sari Berezia izeneko saria emongo dau Juventudes Musicales de España taldeak eta lehen sariaren irabazleari Espainiako Musikarien Sareko konpositore egoiliarra izateko aukerea emongo jako 2021-2022 denboraldian. JM Españak ganbera musikako hiru lan enkargau eta 1.000 euro emongo deutsoz pieza bakotxeko. Azkenik, SGAE Fundazinoak azken kontzertuko interpretazinoak zuzenean grabauko dituan promozino disko bat argitaratuko dau.

Aitatu sari-dirutza hori era honetan banatuta emongo da: Xavier Montsalvatge lehen saria (6.000 euro eta diplomea), Carmelo Alonso Bernaola bigarren saria (3.000 euro eta diplomea), Francisco Guerrero Marín hirugarren saria (1.500 euro eta diplomea) eta Juan Crisostomo Arriaga ohorezko aitamena (1.200 euro eta diplomea).

Azken buruan, 2020ko zemendiaren 23an, CNDMren 20/21 Serieak zikloaren barruan, Reina Sofia Arte Zentro Museo Nazionaleko 400 Auditorioan lau lan finalisten kontzertua egin eta emondako sarien barri emongo da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu