Badatoz EusTET eta LI. Udako ikastaroak

Bizkaie! 2020-05-22 09:10   Kulturea

LI. Udako Ikastaroak be badatoz.

Aurten be, irailean, Labayrun EusTET ikastaroa emongo dabe: euskera-teknikari eta trebatzaileen prestakuntzarako ikastaroa. Matrikulea garagarrilaren 30era arte edo plazak amaitu arte egin ahal izango da.

Gure gizartean, lan handia dago euskerearen normalizazino arloan, alde batetik, herritarren artean euskerearen ezagutza eta euskeraz biziteko eskaerea gorantz doalako eta, bestetik, enpresa zein erakundeak sensibilizatuago dagozalako zerbitzua euskeraz emoteko abantailez.

EusTET ikastaroan euskera-teknikari zein trebatzaile lanetan ibilteko oinarrizko prestakuntzea jasoko dozu: Ze lege dago euskereari lotuta? Zer da euskera plan bat? Ze dirulaguntzino dago euskerea sustatzeko? Eta euskerearen ziurtagiriak zeintzuk dira eta zelan eskura daitekez? Ze desbardintasun dago euskera-irakasle eta trebatzaile baten artean? Zelan antolatu trebakuntzea erakunde batean? Ze baliabide dago trebakuntzarako?

Ikastaro trinkoa da: 15 egunekoa, irailaren 9tik 21era, hain zuzen be, astelehenetik barikura 09:00-14:00 eta 16:00-18:00 eta zapatuetan, 09:00-13:00.

Euskalgintzan eta hizkuntza normalizazinoan dabizen Labayruko hiru teknikari aditu izango dira irakasleak; beraz, esperientziadunak dira eta normalizazino-mundua ondo ezagutzen eta bizi dabenak.

Ikastaro teoriko-praktikoa da. Ikasgai bakotxeko edukiak lantzeko hainbat ariketa egingo dira. Eduki nagusiak egoki barruratu dirala bermatzeko, taldean azken proiektu bat egin behar da ebaluazinorako.

Ikastaroaren amaieran, EusTET ziurtagiria eskuratuko da baina horretarako proiektua gainditu eta asistentziaren % 90 egiaztatu beharko da. Horrezaz gan, amaieran, lan-poltsea egingo da eta nabarmendu behar da 2019ko EusTETeko ikasleen % 55 kontratau zituala ostean Labayruk.

EusTETen 13. edizino hau berezia izango da, Covid19a dala eta. Ezustekorik ez bada, beti lez, aurrez aurrekoa izango da, Labayruren Boluetako euskaltegian baina, beti be, segurtasun-neurriak hartuta.

Halanda ze, euskera teknikaria edota trebatzailea izateko oinarrizko jakingarriak eta baliabideak eskuratu gura badozuz, animo eta emon izena EusTETen!


LI. Udako Ikastaroak

Egoerearen ondorioz, oraindino ezin da jakin eskolak aurrez aurre edo linean eskainiko dituen baina ikastaroa, edozein kasutan, emon egingo da.

Noiz:

  • Bagilaren 15etik 27ra.
  • Bagilaren 29tik garagarrilaren 11ra.

*datak apur bat aldatu leitekez

Ikastaroak:

  • Bizkaierazko alfabetatze-eskolak.
  • Itzulpen-ikastaroak.
  • Titulu ofizialak (batuaz zein bizkaieraz) ateratekoak,
  • Euskerea hobetzekoak.

 

Non: Labayru Fundazinoaren Boluetako zein Bilboko euskaltegietan.

Prezioa:

  • 295 €
  • Itzulpen-ikastaroa 395 €

Izena emoteko, idatzi mezu bat labayru@labayru.eus helbide elektronikora.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu