Aldi baterako kontratuak sustatzeak ez dau ekarri enplegu-ugaritzea
2020-05-22 08:38 Pil-pileanBehin-behinekotasunaren tasea handitu eta mugabako kontratazinoa gitxitu egin da.

Kaleratze-kostuak txikitu eta aldi baterako kontratuak sustatu zituen lan-erreformeen eragina izan dabe aztergai UPV/EHUn eta Cambridgeko Unibersidadean egindako ikerketan; ze eragin erreal izan eben 1988 eta 2012 urteen artean Europa osoko hainbat herrialdetan indarrean jarritako lan-erreformek. Ikusi dabenez, ez da lortu kontratazinoa sustatzea; gainera, erreforma horreen bidez, behin-behinekotasunaren tasea handitu egin da eta mugabako kontratazinoa gitxitu.
Lan-merkatua malgutzeko helburuaei eutsiz, 1990eko eta 2010eko hamarkaden artean ekonomia gehienek, batez be europarrek, zenbait neurri onartu zituen lan-merkatuak aldatzeko asmoz. Horreen bitartez, langile iraunkorrak kaleratzeko kostuak txikitu eta aldi baterako kontratazinoa bultzatu eben: Lan-merkatua alderdi batzuetan zurrunegia zalako egozan sufriduten ekonomia horreek lanbakotasun arazo handiak, merkatuak ezinbaitziran azkar egokitu gorabehera ekonomikoen aurrean, azaldu dau Josu Ferreiro UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultadeko Ekonomia Aplikatua V Saileko irakasleak. Ferreirok, sail bereko kide Carmen Gomezegaz eta Cambridgeko Unibersidadeko irakasle Philip Arestis-egaz batera, neurri horreek lan-merkatuetan izandako eragina aztertzeari ekin eutsen: Europako hamaika herrialdetan ezarritako erreformek 25 urtean, 1988tik 2012ra, izandako eragina, hain zuzen: 1980ko hamarkadako legerian ezarritako kaleratze-kostuak erdira baino gehiagora murriztu zituen, bai lan egindako urte bakotxeko ordaintzen diran egunei jagokenez, bai langileak jasoten dauen gehienezko hileko-kopuruari jagokonez, adierazo dau ikertzaileak.
Ikerketeari ekin eutsenerako hasiak ziran argitaratzen ikerketak eta iradokitzen eben ez zirala lortu helburuak eta ez egoala frogatzerik erreformei esker enplegu gehiago sortu zanik: Enplegua gitxiago babesteak ze ondorio izan zituan aztertu nahi izan genduan, ez enplegu osoan bakarrik, baita enplegu mugabakoan eta behin-behineko enpleguan izandako eragina be. Alderdi horreetako bakotxa bereiz aztertu genduan, dino Ferreirok. Ikertzaileak adierazo dauenez, enpleguaren babesa murrizteko asmoz txertatutako aldaketek, hau da, kaleratzeak merkatzeak eta, aldi berean, behin-behineko kontratuak sustatzeak, ez dau ezelan be eragin enplegu-tasa orokorrean, izan be, asko egin dau gora behin-behineko enpleguak baina asko gitxitu da enplegu mugabakoa. Enpleguaren eboluzioa hazkunde ekonomikoaren araberakoa da bakarrik, eta, horrenbestez, ekonomiaren hazkunde-erritmoa handituta bakarrik emendatzen da enplegua.
Lan-erreformek izan dabe, halan da be, eragina lan-merkatuan eta horreen artean topautako nabarmenena izan da enplegua birmoldatu egin dala: Segmentazinoa jazo da eta, holan, langile-kategoria bi dagoz orain: kontratu finkoak edo iraunkorrak dituenak eta aldi baterako kontratuak dituenak. Lan-merkatu desbardin bi balira lez funtzionetan dabe ia, behin-behineko kontratua daben personek oso aukera gitxi dabelako mugabako kontratu bat lortzeko. Eta, gainera, aldi baterako kontratuen lan-baldintzak eskasagoak dira, batetik, iraupen laburragoa dabelako eta, bestetik, diru gitxiago irabazten dabelako, zehaztu dau. Ferreirok badaki enpresak dirala erreforma horreen onuradun nagusiak: Eskulan malguagoa eta merkeagoa da.
Ferreiroren eretxiz, egoera hau aukera ona da estaduentzat lana babestu eta legeria aldatzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!