Euskerea ardatz, kanpainea hasi dau Kontseiluak
2020-05-21 11:33 Euskerea berbagaiHizkuntzearen normalizazinoa gizarte hobea eregiteko oinarri bihurtu nahi dabe.
Covid-19ak eragindako krisiak gizarteko desbardintasun eta hutsune ugari agirian itxi dituala azaldu dau Kontseiluak, tartean hizkuntza eskubideei lotutakoak, azkenaldiko salaketek erakutsi dabenez. Horregaitik, normalidade barri batera joteko momentu honetan, gizarte taldeen arteko begirunea aldarrikatu dau Kontseiluak, baita hizkuntza auzietan be. Helburu horren alde, Geroa euskeratik, alkar hartuz, alkar zainduz kanpainea jarri dau martxan.
Euskerearen normalizazinoak bestelako gizarte normalizazino bat bultzatu leikela uste dau Kontseiluak: Gizarte kohesinoa, eskubide guztien errespetua, hurrekotasuna eta konpromiso kolektiboa litzatekez ezaugarriak. Euskerea ardatz dauen gizartea bardinzaleagoa eta demokratikoagoa izango dala azpimarratu dabe Kontseiluaren kide diran eragileek.
Euskalgintzatik harago, herritarrei eta beste gizarte eragileei dei egin deutsie kanpaineagaz bat egin deien. Holan, bakotxak bere arlotik eta esperientziatik, geroa euskeraz zergaitik eregi behar dan azaltzeko aukerea izango dabe. Zergaitik geroa euskeratik? galdereari erantzuteko deia egin deutse Kontseiluak nahi daben guztiei.
Erantzuten lehenengoak euskalgintzako eragileak izango dira: Elhuyar, Topagunea, EHE, Ikastolak, UEU, Bertsozale Alkartea, AEK, IKA, Jakin... Bideo laburrak plazaratuko ditue horretarako. Gizarteko jente ezagunak be hartuko dau parte kanpainan. Bideoak sareetan zabalduko ditu Kontseiluak. Bere mezua konpartidu nahi dauenak, sareetan #geroaeuskaratik traolagaz zabaldu baino ez dau egin behar.
Hemen kanpainea aurkezteko bideoa.
Kontseiluak berak bost arrazoi nagusitan batu dau geroa euskeratik eregiteko beharraren garrantzia:
- Euskereak herritarrak alkartzen ditualako.
- Euskaldunak dagozan legez, gizartean gitxituta dagozan beste talde batzukanako begirunea lantzeko tresnea dalako euskerea.
- Begirune hori landuz, alkar errespetetako eta jagoteko bidea edegiten dauelako.
- Herritarren eskubide guztiak bermatzeko oinarria dalako euskerea.
- Ondorioz, gizarte bardinzale eta demokratiko baterako zutarria dalako.
Kanpainea martxan da dagoeneko, inoiz baino zilegi eta beharrezkoagoa dalako euskerearen normalizazinoaren alde egitea, Kontseiluaren ustez. Ganera, bagilaren 4an, Euskerea be normalidaderantz? mahai-ingurua antolatuko dabe Martin Ugalde Kultur Foroan. Detaileak aurrerago emongo ditue.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!