Literatura unibersala euskeratzeko deia egin dabe

Bizkaie! 2020-05-20 11:11   Euskerea berbagai

Bagilaren 26ra arte zabalik dago lehiaketea.

EIZIE alkarteak Literatura Unibersala itzultzeko lehiaketea ipini dau martxan, euskerazko itzulpen literarioa bultzatu eta euskeraz irakurri leitekezan nazinoarteko obren katalogoa zabaltzeko asmoz. Parte hartu nahi dabenek bagilaren 26ra arteko epea dabe antolatzaileek emondako laginetako bat euskerara itzuli eta aurkezteko. Covid-19a dala eta, EIZIEren idazkaritzea bagilaren 15etik 26ra baino ez da egongo zabalik lanak hartzeko.

Lau obra aukeratu ditu EIZIEk aurtengo lehiaketarako. Hautagaiek horreetako baten lagina aukeratu beharko dabe, eta euskeratu. Laginak EIZIEk berak preparau ditu, eta PDF zein Word bidez itzultzaileei pasauko deutsez. Honeek dira lau obrak:

- Kate Chopin, The Awakening.

- Maryse Condé, Le cœur à rire et à pleurer: Contes vraies de mon enfance.

- Edna O’Brien, The Country Girls.

- Tayeb Salih, Mausim al-hijra ila ax-xamal.

Hiru laguneko epaimahaia izentauko dau EIZIEk, laginen itzulpenak irakurri eta saria nori emon ebazteko. Irabazleagaz kontratua sinatuko dabe antolatzaileek, obra osoa itzuli deian, jagokon ordainsaria pagauta eta argitaletxe baten bidez argitaratzeko konpromisoagaz.

The Country Girls-en kasuan, trilogia baten lehenengo liburua danez, antolatzaileek argitu dabe lehenengo liburu hori itzultzea dala lehiaketearen asmoa, ez trilogia osoa. Bestetik, laginak jatorrizko hizkuntzatik itzultzea hobetsiko dan arren, beste zubi-hizkuntza batzuk be erabili leitekez. Tayeb Salih-en kasuan, arabierazko jatorrizko lagina ez eze, ingelesezkoa be emongo dau EIZIEk.

Argibide gehiagorako idatzi aran@eizie.eus helbide elektronikora.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu