'Begiradak ETAren amaierearen aurretik eta ondotik', Hermes aldizkariaren azken alea
2020-05-20 10:54 KultureaEuskadin lehen izandako terrorismo eta indarkeriari begiratzen deutse.
Begiradak ETAren amaieraren aurretik eta ondotik izenburuaren harian, Sabino Arana Fundazinoak mintegi bat antolatu eban 2019. urtearen amaieran, joandakoari eta indarkeriari buruzko hausnarketa kritiko eta konpartidutakoa bultzatzeko eta, bestetik, memoriagazko bizikidetzan oinarritzen dan orainaldiko eta etorkizuneko garai barriari atea zabaltzeko. Euskadiko erakunde, politika, gizarte, enpresa, sindikatu, unibersidade eta Eleizearen ehun bat ordezkari batu ziran jardunaldian.
Gipuzkoako gobernadore zibila izandako Juan Mari Jauregiren eta Jose Maria Portell kazetariaren alargunek, Maixabel Lasa eta Carmen Torres, hurranez hurran, Donostiako gotzain emeritu Juan Maria Uriartek, Auzitegi Goreneko magistradu izandako Joaquín Giménezek eta Edurne Portela idazleak, besteak beste, honako gai honeek jorratu zituen: prozesuan txarto eta ondo egindakoak edo ETAren amaiereak euskal gizartean izan eban eragina eta alderantziz.
Iñigo Urkullu lehendakariak, jardunaldiaren amaiera-ekitaldian, Eusko Jaurlaritzeak ETA armabakotu eta desegiteko egindakoen deskribapena eta balorazinoa izeneko txostena aurkeztu eban.
Orain, barriz, Sabino Arana Fundazinoak argitaratzen dauen Hermes pentsamendu eta historia aldizkariaren azken alean (64. zenbakian), jardunaldi haretako bost hizlarien gogoetak eta Urkullu lehendakariaren berbaldia jaso ditue.
Begiradak ETAren amaieraren aurretik eta ondotik izena daroan ale honetako editorialak ezin hobeto islatzen ditu euskal gizartearen nahiak: Autokritikan, memorian, bizikidetzan, bakean eta askatasunean oinarritutako etorkizuna nahi dogu. Memoria eta etorkizuna kate beraren katebegiak dira.
Kontuak kontu, 64. zenbakia osotzeko, joan dan urtarrilaren 31ra arte 14 urtean Sabino Arana Fundazinoaren buru izandako Juan Mª Atutxaren eta aldizkariaren zuzendari eta Fundazinoaren Gogoeta eta Eztabaida Mintzagunearen koordinatzaile José Antonio Rodríguez Ranzen arteko (hainbat ordutako) barriketaldi bat jaso da. Bertan, Rodríguez Ranzek Juan Mariren bizitza eta ibilbidea aletu ditu Atutxaren bizitzari atxikitako bost leku berezitan, Begoñako basilikan, Sabino Arana Fundazinoan, Eusko Legebiltzarrean, Lemoako etxean eta Berrozin, izandako topaketen bidez.
Maite Pinto Zangroniz artistearen ekarpena be jasoten dau azken aleak
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!