Euskerearen korapiloak eta erronkak

Bizkaie! 2020-05-19 10:50   Euskerea berbagai

Euskaltzaindiak eta Ezkerraberrik 2018an antolatutako jardunaldi baten oinarritutako liburua, plazan.

Euskera informalaren inguruan eta hizkera estandarrak zein euskalkiek eremu horretan daben zereginaren inguruan gogoetea egiteko asmoz, jardunaldia antolatu eben 2018an Euskaltzaindiak eta Ezkerraberri Fundazinoak. Orduko haretan esandakoak liburu baten batu ditue orain, Euskara batua eta tokian tokiko erabilera: korapiloak eta erronkak izenburuagaz. Jagon sailaren 20. alea da.

Jardunaldian parte hartu eben adituek, besteak beste, euskalkien zeregina zein dan jorratu eben, baita ahozko euskereak eta argotak zelakoak izan behar diran be, gazte hizkerak ahaztu barik. Mikel Zalbide, Adolfo Arejita, Joxerra Garzia, Inma Muñoa, Orreaga Ibarra, Xabier Euzkitze eta Asisko Urmenetaren gogoetak batzen ditu liburuak.

Aditu horreetako bakotxak bere arlotik eta ikuspegitik jorratu zituan gaiaren ertzak, eta liburuan horri heldu deutsie barriro. Mikel Zalbide euskaltzain eta soziolinguisteak, esate baterako, euskera batua eta eguneroko berbetak zertan diran azaldu dau, eta biak buztartzeko moduen bila ibili da. Erregistro bien arteko hartu-emonak dira giltzarria, Joxerra Garzia irakasle eta komunikatzailearen arabera.

Adolfo Arejita irakasle, euskaltzain eta Labayruko zuzendariak Bizkaiko euskerearen errealidadetik eta herri hizkeren aberastasunetik heldu deutso gaiari, eta euskera jasoa darabilenek herri hizkeren iturritik edan behar leukeela dino. Ezkortasun pixka bat agertzen dauen arren, Arejitak baikortasunez amaitzen dau bere testua, ikus-entzunezko hedabideetan itxaropena jarrita: Malgutasun gehiago erakusten dabe euskerearen transmisinoan eta bizigarritasunean, hobeto egokitzen dira hiztunen egoeretara, eta moduren batean eredu egokia eskaintzen dabe normalizazinoari buruz.

Xabier Euzkitze komunikatzaileak be euskalkiez egin dau berba, horreek euskera batuagaz buztartzeko aukerak ikusten ditualako. Batuan zein euskalkietan topau leitekez testu onak eta txarrak, bakotxeko eredu onak aukeratzea da kontua. Hitanoa be tresna eraginkorra izan leitekela uste dau, malgutasunez jokatu ezkero.

Gazteen hizkerei begiratu deutse Ikastolen Alkarteko Inma Muñoak, euskeraz biziko diran ikasleak hezteko orduan erregistro egokiak lantzea ezinbestekoa dalako. Nafarroako Unibersidade Publikoko irakasle Orreaga Ibarrak be gazteen hizkerak aztertu ditu.

Azkenik, Asisko Urmeneta marrazkilariak biribildu dau liburuaren gogoeta-moltsoa. Hizkera informal, kolokialagaz olgetako deia egin dau, eta euskera batuaren eredua zurrunegia dala deritxo. Hizkera informala aberastu eta adierazkortasuna emoteko, euskalkietako berbak aprobetxetearen alde egin dau.

Liburua online erosteko hemen (alarma egoerearen ostean banatuko da).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu